Berako Manttale taldeak, Agerra Mendi taldeak eta Gure Txokoa elkarteak antolatutako Mendi eguna ospatu zen urtarrilaren 12an. Seigarren urtez segidan, Santa Barbarara Igoera ere egin zen, 2007an Taillon mendian hil ziren Jabier Zubieta, Loro Pikabea eta Xabier Saralegi gogoratuz. 94 korrikalarik parte hartu zuten.
Goizean eskalada tailerra ere egin zen Xanti Susperregiren eskutik eta proba bertatik bertara ikusi nahi zutenek, Santa Barbarara oinez joateko aukera ere izan zuten.
Azkeneko edizioetan bezalaxe, 12 urte bitarteko haurrentzako lasterketak ere egin ziren kiroldegi inguruan, binakako kronoigoera baino lehen. Tartean aritu ziren Manttale atletismo eskolako ttikienak. Gero, handixeagoak ere atera ziren proba nagusian. Erran bezala, 94 korrikalari igo ziren Santa Barbarara: ama-semeak, bikoteak, lagunak, anaiak… modu guzietan osatu ziren bikoak. Bortzirietatik ez ezik, Legasatik Iruñetik, Irunetik, Saratik, Betelutik, Izabatik… etorri ziren kirolariak. Tartean, Berako Mendi Maratoi Erdia azken urteetan irabazi duen Didier Zago ere atera zen, Bautista Telletxearekin batera.
Omenaldi eguna bukatzeko, Mikel Ajuriaren Viajar Escalando dokumentala iikusgai izan zen Beralandetan.