Guraso elkartetik berriak

Nerea ALTZURI 2013ko urtarrilaren 30a

Aurten ere mozorro ikusgarriak ikusiko ditugu aste hondar honetan. Artxiboko argazkia

Gogotsu eta indar­tsu dabil eskolako guraso elkartea. Aurten lehenengo aldiz, eskolako haurren eta irakasleen argazki eta urtebetetzetako datak erakusten diren egutegia osatu dute. Herriko hainbaten laguntza jaso dute egutegi hau egiteko gastuari aurre egiteko. Guztira 100 ale saldu dituzte eta horrela, guraso elkartearentzat laguntza ederra izan da, egoera ekonomiko kaxkarra zertxobait arinduz.

Egutegian laguntzaile guztien izenak eta esker onak agertzen badira ere, lerro hauen bitartez Guraso Elkartetik berriz ere eskertu nahi dituzte modu batean edo bertzean babesa eman dutenak.

Bertze aldetik, eskolako sukaldaria Sagrario Iparragirre da eta jantokiko zaintzailea be­rriz, Loli Mutuberria. 

Hala ere, urtero egiten den bezala, gurasoek, botoen bidez, eskolako sukaldari eta zaintzaile ordezkoak aukeratu dituzte. Esther Burlada sukaldari ordezkoa izanen da; Luis Andueza berriz zaintzaile ordezkoa aukeratu dute.

Kurtso bukaerako ikasbidaia ordaintzen laguntzeko, boletoak edo errifak saltzen dira urte bukaeran. Bi zare eder zozketatzen dira eta aldi honetako jabeak jakinarazi dizkigute. 

Zare bat Antsunekobordara joan da eta ber­tze saskia Zakuteneko Inaxiok eraman du. Zorionak beraz eta gozatu!

Azkenik, ailegatu zaizkigu inauteriak, eta aintzineko alean egitarauaren berri eman baldin bagenuen ere,  osa­tze aldera datu berriak jaso ditugu.

Ortzegun atsaldeko mozorro bestaren ostean, ortziralean zaharrenak baserrietan eta he­rriko etxeetan barna puxka puxka ibiliko dira. Ttikienak berriz taldeka herrian barna ibiliko dira (nahi dutenak). Gurasoak eurekin ez dira ibiliko ( aintzineko alean aipatu genuena zuzenduz), horrela erabaki dutelako.

Bertzetik, larunbat arratsaldean, mozorro besta eta merendua izanen dira. Guraso elkartetik “Piratak” gaia proposatu dute. Ana La­rretxea gurasoak koreografia bat zuzenduz, herrian barna kalejira eta geldialdiak eginen dituzte. Ondoren merendua izanen da gorapean.  Atsaldea ederki pasako dugu, Pirritx, Po­rrotx, Mari Motots eta euren lagunak bezala piratetara jolasten!!

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun