Abenduaren 15ean eta 16an egin ziren Berako Toki Ona kiroldegian kenpo kaiko gradu edo gerriko aldaketako azterketak. 200 bat kenshi (kirolari) aurkeztu zirenez, azterketak bi egunez egin behar izan zituzten.
Abenduaren 15ean 150 bat neska-mutikoen txanda izan zen eta biharamonean 50 kenshi heldu aritu ziren gerrikoaz aldatzeko proba eta ariketa ezberdinak landuz eta denek maila altua erakutsi zuten. Aipatu behar da Bortziriak, Malerreka eta Baztanen gero eta indar gehiago hartzen ari dela arte martzial hau eta hainbat eskola sortu direla herriz herri.
Azterketetako epaimahaian Shihan Vidal, Nafarroako Karate Federazioko Kenpo saileko zuzendaria; Modesto Ordoki, sail horretako Graduen arduraduna eta Etxalarko eta Elizondoko irakaslea; Koro Iriarte, sail horretako haurren arloko arduraduna eta Igantzi eta Berako irakaslea eta Ana Mitxelena, Urdazubiko irakaslea eta 2012an Espainiako borroka txapelketan azpitxapeldun izandakoa izan ziren.