«Jakin-mina dutenei probatzera animatuko nieke merezi du eta»

Eneritz IRAOLA 2013ko urtarrilaren 17a

Leire Telletxea eta Negu txakurra Etxebarriko lasterketan, bigarren postuan sailkatu ziren. Utzitako argazkia

Duela urte bete inguru hasi ziren Leire Telletxea (Bera, 1986) eta Negu txakurra txakurkrosa praktika­tzen. Eskualdean oso ezaguna ez den arren, geroz eta hedatuagoa dagoen kirola da. Mushingaren modalitate bat da baina berezitasun batekin, lera tiraka eraman beharrean pertsona txakurrari segika korrika joaten baita, bien artean taldea sortuz. Leire eta Negu, GuHau taldean ari­tzen dira lasterka eta hasi berriak izan arren, Etxebarrin berriki jokatu den txakurkros lehiaketan bigarren postua eskuratu dute. 
 
E. Iraola 
 
Korrika egitea lehendik ere gustatzen zitzaionez, txakurraren bitartez ezagutatutako lagun batzuek animatu zuten  Leire Telletxea txakur­krosa praktikatzera eta   «hagitz gustora» dabil­tzala dio.  Pluralean hitz egiten du, bi baitira kirola praktikatzen dutenak; Alaskan Malamute arrazako Negu txakurra eta bera.
 
Txakurkrosaren helburua, «txakurraren arnesa soka batez gure ge­rrikora lotuta korrika egitea da, txakurra gure ai­tzinean tiratuz joaten delarik». Kirol honetan ari­tzeko txakurrak urte bat beteta eduki behar duela azaldu digu eta «Neguk urtea berriki bete duenez, hasi berriak gara».  Lasterketetan orain­txe hasi dira «denboraldia azaro ingurutik martxo bukaerara» baitoa, baina, aurretik ere ari dira lanean.  «GuHau taldean aritzen gara eta haiekin lehenagotik hasi ginen entrenatzen» erran digu.
 
Txakurra eta biak lasterka ibiltzeko entrenamendu bereziak behar direla dio «lasterketa hauek mendian izaten direnez, elkarrekin mendira korrika egitera joaten gara astean hiruzpalau aldiz». Lasterketak nahiko motzak izaten dira, 8 kilometro ingurukoak horregatik «tarteka serieren bat sartzen dute. Horretaz gain astean behin taldekoekin elkartu eta denak batera entrenatzen dugu».  
 
Txakurra eta jabearen artean harreman estua behar dela aipatzen du «harreman ona behar da dudarik gabe, txakurra gogoz kontra, umore txa­rrez... eramaten baduzu kontrako emaitzak lor­tzen dira eta». Hala ere, taldekoekin entrenatzean edo lasterketak iristean txakurren erantzuna hobea izaten da «hainbertze txakur elkarrekin lasterka hastean txaku­rrak pila bat motibatzen dira eta behar bezala tiratzen dutenean korrikalariari aunitz arintzen zaio bere lana». Aldapa beheiti ordea, kontu handiarekin ibili behar da «txakurrak bere indar osoz tiratzen du eta pixkanaka poliki bezalako aginduak ematen ikasi behar da».
 
Hasiera «hagitz polita izan da». Hasieran gehien beldurtzen zuena  «txakurrak lasterketetan nolako portaera izanen zuen zen». Izan ere, «ten­tsio momentuak bizitzen dira hainbertze elkartzen garenean». Lehenengo lasterketaren ondotik «gustora geratu nintzen».
 
Aunitz zabaltzen ari den kirola da «lasterketa eta txapelketa aunitz daude, Gipuzkoako Liga, Espainiako Kopa... Urrutira joan gabe lasterketak egiten dira Jaizkibelen, Oiar­tzunen, Errenteria...eta asteburu aunitzetan izaten ditugu». 
 
Abenduan Etxebarrin lehenengo txakurkros lehiaketa antolatu zen, Leire eta Neguren lehenengo lasterketa ere bazen «zortzi kilometroko ibilbidea egin behar zen mendiz eta egia erran hagitz gustora gelditu ginen emaitzarekin». Gainera­tzen du, aukera polita dela «zure afizio bera duten hainbertze pertsonekin egon ahal izatea». 
 
Kirol honen alderdirik ederrena «mendia, korrika eta txakurrak gusta­tzen bazaizkizu aunitz disfrutatzen den kirola dela» da bere aburuz. Batez ere, «korrika bakarrik egitetik nahiko desberdina da txakur batek tiraka ematen duen sentsazioa». 
 
Zailena berriz, «agian, maldan beheiti niri oraindik ematen didan beldur hori gainditzea. Lasterketa batzuk hagitz teknikoak dira eta horiek oraindik errespetu handia ematen didate» aitortzen du.
 
Leireren ustez, kirol hau gure eskualdean «nahi­ko ezezaguna da». Horregatik, gonbitea luzatu nahi izan du «jakin-mina dutenei probatzera animatuko nieke, merezi du eta.Txaku­rrak eta korrika egitea gustatzen bazaie txakurkrosaren munduan gauza aunitz daude ikusteko».
 
ERRENDIMENDUA

«Hainbertze txakur elkarrekin lasterka hastean txakurrak pila bat motibatzen dira eta behar bezala tiratzen dutenean korrikalariari aunitz arintzen zaio bere lana».

«Korrika bakarrik egitetik nahiko desberdina da txakur batek tiraka ematen duen sentsazioa».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun