Berako UPNko zinegotziaren jarrera salatu dute Aralar, Bildu eta EAJk

TTIPI TTAPA 2013ko urtarrilaren 23a

Juan Losa, UPNko zinegotzia Beran, kargua hartu zuenean. Artxiboko argazkia

Errespetu falta eta krispazio giroa sortzea alde batera uztea eskatu diote

Berako Aralar, Bildu eta EAJ udal taldeek bere kezka eta nahigabea agertu nahi izan dute UPNko zinegotzi Juan Losak agertzen duen jarreragatik, eta publikoki salatu beharrean daude, «Udalean etengabe sortzen duen errespetu falta eta krispazio giroagatik, eta Udaleko zereginetan lagungarri izan baino, trabak paratzen dituelakoz».

Berako Aralar, Bildu eta EAJ udal taldeek bere kezka eta nahigabea agertu nahi izan dute UPNko zinegotzi Juan Losak agertzen duen jarreragatik, eta publikoki salatu beharrean daude, «Udalean etengabe sortzen duen errespetu falta eta krispazio giroagatik, eta Udaleko zereginetan lagungarri izan baino, trabak paratzen dituelakoz».

Hiru udal talde horiei kezkagarria iruditzen zaie zinegotzi honen interesa «ez dela herritarren ongizatea». Hilabete hauetan guztietan bere bulego propioaren defentsan hamaika idatzi eta eskera egin ditu pertsonalki, eta bertze erakunde batzuetara ere jo du, hauek ere Udalera zuzendu direlarik. Aralar, Bildu eta EAJren oharrak dioeneez, «horrek guztiak lan administratibo handia ekarri du, alkatearen eta udaleko langileen lan zama gehiago areagotuz eta egunero funtzionamenduan lagundu beharrean, trabak sortuz».

Losak, Berako udalean desberdintasun politikoetatik haratago urtetan egon den errespetu giroa hankaz goiti paratu duela uste dute; «udalbatzaren bileretan liskarrak bisten ditu eta gainerako udalbatzako kideak probokatzen ditu; gaitik kanpoko aipamenak egiten ditu, gai guztiak nahasiz; interbentzioak eteten ditu; azken batean, bilerak lehertzen ditu», dio oharrak.

Azkeneko hilabeteotan horrelako egoera sortu den hainbatetan ez du alkatea bera ere errespetatu, ez hitza kendu behar izan dionean, ez kanporatzeko mehatxua egin dionetan ere.

Aralar, Bildu eta EAJko zinegotzien idatziak dioenez, «legea betetzea du banderatzat, baina legeak nahasten ditu berari interesatzen zaion moduan. Azkeneko plenoan, errate baterako, gai ordenarekin hasi baino lehen alde egin zuen, osoko bilkurako erabakiak inpugnatzeko mehatxuarekin. Eta dena, udalbatzaren gehiengoaren borondatearen kontra paratu behar izan dugun Espainiako Erregearen irudia ez zelakoz berari iruditzen zaion neurrikoa. Horrek ekartzen ahal du Plenoan egindako lana deuseztea, berriz ere egin behar izatea eta landutako gaien atzerapena ekartzea, baina hori ez zaio axola nonbait».

Hiru udal talde hauek diotenez, «ulertzen dugu, eta onartzen dugu, ideologikoki gugandik urrun egotea, eta horregatik, hasieratik normaltasunez hartu dugu gure udalean UPNko udal ordezkari gisa. Aitortzen diogu duen ordezkaritza, herritarren emandakoa, baina egunetik egunera bere jarrerak okerrera egin du eta zuzentasunaren eta egokitasunaren mugan non dagoen jakitea zaila bada ere, uste dugu maiz gainditu duela; etengabe mehatxuan arituz eta debaldeko tentsioa eraginez».

UPNri eskatzen diote defenda ditzala bere politikak, egin dezala egin behar duen lana, «baina krispaziotik ihesi, desberdinen arteko eztabaida sosegatuaren bidez, eta udalbatzaren osaera eta bertako kideak errespetatuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun