Bortzirietako eskuz banakako hamabigarren pilota txapelketa urtarrilaren 11n abiatu da. Guztira 104 pilotari hasi dira lehian, zortzi kategoriatan banatuak (ttikiak, umeak B, umeak A, kimuak, haurrak B, haurrak A, kadeteak eta jubenilak). Bortz herrietako pilotariak ez ezik, Oiartzun, Hondarribia, Baztan, Malerreka, Sara, Senpere, Baigorri eta Iruñekoak ere ari dira. Partidak, hori bai, Bortzirietako pilotalekuetan jokatuko dituzte: Beran asteazken arratsaldeko 4etan, ortziral arratsaldeko 05:30ean eta igande eta larunbat goizeko 09:30etik aitzinera; Lesakan, larunbat goizeko 09:30ean hasita; Igantzin, ortziral arratsaldeko 06:00etan hasita; Arantzan larunbat goizeko 10:00etatik aitzinera eta Etxalarren igande goizeko 10:30ean.
Bortzirietako buruz buruko pilota txapelketa hau lau terdiaren barrenean jokatuko da, ligaxka moduan eta dena ongi ateratzen bada, martxoaren 9an jokatuko dira finalak Lesakako pilotalekuan.