Urtea hasi orduko, inauteak gain-gainean ditugu. 25 gazte urtarrilari bukaera on bat eman eta otsailari ongi etorri are hobeagoa emateko antolaketa lanetan ari dira. Aunitzek galdetzen dute bai: noiz dira inautik? Aski besta politak izaten dira eta herritik kanpora ere ospea dute. Jende aunitz inauterietako giroan murgiltzen da herritarren arrimuan. Aspaldiko ohiturari eutsiz, mozorro xuriak inautetako pertsonaiak dira, eta seguru, mozorro beltzak ere ez direla urruti ibiliko.
Urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra izanen dira aurten inauteriak eta horren berri zehatza, gehigarri berezian daukazue irakurgai. Azpimarratzekotan, ortzegunean mozorroek gosaldu ondotik eskolara egiten duten bisita; ortziral arratseko emakumeen afaria Burladan eta Xebastian Lizaso eta Jon Maia bertsolariekin afaria Aterpeneta larunbateko aizkora apostua.
ESKOLAN ERE
Ortzegunean, eskolan bazkalondoan mozorro besta eginen dute. Haurrak mozorrotu eta besta giroan izanen dira.
Ortziralean eta larunbatean berriz, hirugarren ziklokoak eta DBHkoak Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea auzoetan puxka puxka ibiliko dira. Ttikienak, herrian guratsoekin ibiliko dira.
Larunbatean, berriz, eskolako zaharrenen taldea Eguzkialdea auzoko eta karrikako etxeetan ibiliko dira.