Azken agurra Juan Bautista Irazokiri

TTIPI-TTAPA 2013ko urtarrilaren 16a

Igantziko dantzariek Aurreskua dantzatu zuten. utzitako argazkia

Aski ezaguna eta maitatua zen Juan Bautista Irazoki apeza gure eskualdean. Urtarrilaren 5ean  zendu zen, 82 urterekin eta errege egunean eman zitzaion azken agurra Berako San Esteban elizan egindako hileta ospakizunean. Jendetza bildu zen apezari egindako lana eskertu eta omenaldi hunkigarri bat eskaintzera. Besteak beste, abesbatzetako kideek Agur jaunak abestu zuten elizaren irteeran eta Igantziko dan­tzariek agurra dantzatu zioten.

Sortzez beratarra, Igantzi eta Leitzan urte luzez jardun zuen apez eta 2007az geroztik Betelun ari zen erretore.  Haur, gazte eta helduengana iristea lortu zuen, bertzeak bertze musikarako zuen afizioaren bidez, egondako herri guztietan abesba­tzako zuzendari gisa jardun baitzuen. Herri batetik bertzera aldatuta ere, abesbatzako kideekin harreman estua edukitzen jarraitu zuen. Ezagutzen zutenek, «apeza egondako herri guztietan oso maitatua» zela diote eta  nabaria izan zen hori, urtarrilaren 6ean eman zioten azken agurrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun