Joseba IRAZOKI | Berako musikaria

Eneritz IRAOLA 2013ko urt. 16a, 16:17

Joseba Irazoki, Oso band-en emanaldi batean, gitarra, bonbo eta perkusioa batera joz. JUAN FOTERO DEL PANICO

«Proiektu batean ari naizenean ­besteren bat izaten dut beti buruan»

Baliabide ugariko musikaria eta sortzaile nekaezina. Bakarka edota taldean, makina bat proiektutan aritu izan da musikari beratarra. Bakarkako bidean Oso band proiektua aurkeztu zuen pasa den urtean. Belarriak eta begiak gozaraztea helburu, esze­natokira igo eta kitarra, perkusioak, armonika... aldi berean jotzen baititu. Urte berria ere indartsu hasiko du. Lagun musikari batzuekin bildu eta diska bat grabatzeko asmoa du buruan. Bidean kontzertuak eskainiko dituzte, eskualdean lehena Beran izanen da hilaren 25ean.

E. IRAOLA

Proiektu ugaritan parte hartu izan duzu, zertan zabiltza orain?

Une honetan On Benito taldeko partaidea naiz eta A­thom Rumba bilbotarrekin ere aritzen naiz lanean, gitarra jo­tzen dut. Baina azken aldian, bakarko proiektu batean aritu naiz gehienbat. Oso band pro­iektuan. Egia erran, geldirik egoten ez dakien pertsona horietakoa naiz. Proiektu batean ari naizenean besteren bat izaten dut beti buruan.    

Oso band proiektua zer da?

Nire ustez gehienbat, zuzenekoetara bideratutako proiektu bat da. One man band estiloan, gizon orkestra gisara aritzen naiz.  Eszenatokira igo eta instrumentu desberdinak aldi berean jo­tzen ditut. Musika banda bateko instrumentu guztiak pertsona bakarrak jo­tzen dituenean dei­tzen zaio gizon orkes­tra. Diska bat kaleratu nuen Durangoko azokan Bide Huts zigiluarekin. Pro­iektua eza­gutzera emateko beharrezkoa zela ikusi nuen. Erran bezala, proiektua berez, gehiago ikusten dut zuzeneko zerbait bezala, ho­rregatik erabaki nuen lan luze bat argitaratu beharrean aski izanen zela lau kantez osatutako diska bat kaleratzea. Pixkanaka zabal­tzen doan proiektua da eta orain arte aditu dutenek kritika onak egin dituzte.

Zein instrumentu jo­tzen dituzu zuk?

Gitarra beti izaten dut soinean eta horretaz gain, bonboa jotzen dut normalean. Perkusioren bat ere izaten dut eskuineko eskuan. Azken aldian abes­tu ere egiten dut eta batzuetan armonika eta kantaren batean txistua ere sartu izan dut, rock estiloko abestiak jotzen ditudan arren. Teklatu txikiren bat ere erabil­tzen dut gita­rraren gainean.  Zarata egiteko tramankulu ugari...

Nola bururatu zitzaizun proiektua?

Bururatu baino gehiago behar kontu bat izan zen. Musika dut diru itu­rri bakarra. Negu partean kontzertu guttiago izanen nituela ikusten nuen eta horri nolabait irtenbidea eman behar nion. Gauza berriak probatu zalea naiz eta beti izan dut burutan ho­rrelako zerbait egitea. Proba egin, gustatu eta proiektua aurrera eramaten hasi nintzen. Ameriketan ikusi nuen  only one band estiloan jotzen zutenen kontzertu bat eta horrelako zerbait egitea interesga­rria iruditu zitzaidan.

Musikaz bakarrik bizitzea kosta egiten da?

Inongo ziurtasunik ez du bizimodu honek. Ez da erraza, baina aldi berean bizimodu oso polita da gustuko dudan horretan ari bainaiz. Hiru hilabete onak eduki ditzakezu eta segidan hiru txar. Ez dakizu zer eto­rriko den. Dirua manejatzen, aurrezten jakin behar izaten da. 

Bakarka edo taldean nahiago?

Gustura ibiltzen naiz  bietan. Bat egitean ber­tzearen beharra suma­tzen dut.  Arnasa ematen didate batak eta ber­tzeak. Ezinen nuke bietako bakar bat aukeratu, biak behar ditut.

Orain zer duzu buruan?

Batetik,  kantautore lanari berriz heldu eta disko luze bat grabatu nahi dut. Horretaz gain, lagun musikari batzuekin elkartu, Felix Buff (Willis Drumond), Ager Insunza (Audience), Jaime Nieto (We are standard), Iban Urizar (Andrakan) eta  Igor Tel­­­l­e­txearekin ( Xabier Montoia, Petti...) eta banda bat sortu dugu.  2013an diska argitaratu nahiko genuke. Hori gauzatu bitartean, bidean kon­tzertu batzuk emanen ditugu. Eskualdeko lehena, urtarrilaren 25ean  izanen da Berako Kultur Etxean gaueko 22:00etatik aitzinera. 

ABIAPUNTUA

«Negu partean kon­tzertu guttiago izanen nituela ikusten nuen eta horri nolabait irtenbidea eman behar nion. Gauza berriak probatu zalea naiz eta beti izan dut burutan horrelako zerbait egitea. Proba egin, gustatu eta proiektua aurrera eramaten hasi».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun