Estitxu Pinatxo beratarra Damba taldeko kantari berria

Ttipi-Ttapa 2013ko urt. 15a, 12:03

Estitxu Pinatxo Dambako abeslari berria da.

Herrialde ezberdinetako musikariak eta musikak biltzen dituen proiektua da

Musika estilo ugari eta herrialde askotako musikariak biltzen dituen proiektua da Damba. Urte berriarekin batera heldu da beratarra taldera eta orain kantuak egokitu eta berriak ere idazten ari dira. Pinatxok adierazi duenez «sendotasuna eta sonoritate berriak» eman nahiko lizkioke taldeari.

Musika estilo ugari eta herrialde askotako musikariak biltzen dituen proiektua da Damba. Urte berriarekin batera heldu da beratarra taldera eta orain kantuak egokitu eta berriak ere idazten ari dira. Pinatxok adierazi duenez «sendotasuna eta sonoritate berriak» eman nahiko lizkioke taldeari.

24 urte eduki arren, musika munduan ibilbide luzea du Estitxu Pinatxok. Nafarroako Kantu Txapelketan sari ugari eskuratu ditu eta 15 urterekin plazaz plazako bideari ekin zion. Euskal Kantu Oberena saioan parte hartu zuen eta hortik aurrera kolaborazioak eta behin-behineko lanak bat bestearen atzetik egin zituen Josetxo Goia saxofonista iruindarrarekin lehenik, “Los pendientes de la reina – Emakume baten oroitzapena” kantu bilduman, eta geroago Edu zelaietarekin, Pettirekin, Hira taldearekin eta 2009ko Nafarroa Oinezeko kantuan, besteak beste. Joan diren bi urte hauetan telebistan ikusi dugu gehien bat EITBko Kantuan saioan eta Telecincoko La Voz programan. Orain neurri bateko egonkortasuna bilatzea erabaki du, eta horregatik bat egin du Dambarekin.

Taldearekin egindako lehen urratsekin pozik dago beratarra. “Oso giro ona dagoela ikusi nuen, eta horri garrantzia handia ematen diot nik. Ordu asko konpartitzen dira lanbide honetan, ezinbestekoak dira giro ona, eta zergatik ez katxondeoa”. Ilusiarekin hartu du erronka berria. “Musikari bikainak daude talde honetan, eta profesionalez inguratuta egotean asko ikasten da”.

Taldeak oso estilo berezia dauka Estitxuren arabera. “Herrialde ezberdinetako, eta gainera beraien artean oso ezberdinak diren herrialdeetako musikariak daude, eta horrek taldeari kultura aniztasuna, eta musika sentitzeko eta bizitzeko era ezberdinak eskaintzen dizkio”. Taldearen filosofiarekin bat egiten duela uste du. “Musika alaia, dibertigarria eta festa girokoa egiten du Dambak, eta ni horrelakoa naiz, alaia, dibertigarria eta festazalea. Beraz iruditzen zait gainera primeran pasako dugula”. Taldearen erreferentziak gustuko ditu, eta hemendik aurrera horrela jarraitzea nahi du, berak bere ekarpena eginez. “Espero dut edo gustatuko litzaidake sendotasuna eta sonoritate berriak ekarri ahal banizkie Dambako abesti berriei”. Lehen diskoan Miren Amurizaren kolaborazioa izan du taldeak, eta hemendik aurrera ere harekin lanean jarraitzea ez du baztertzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun