Berako Eztegara pilotalekuaren erabilera arautzeko frontoian gehien ibiltzen direnak bildu ziren joan den astean Herriko Etxeko ordezkariekin. Bilera horretan argiarekin sortutako arazoaz hitz egin zen eta arazo horiek konpontze aldera, hemendik aitzinera frontoia argiarekin erabili nahi duenak aitzinetik izena eman beharko du 012aren bitartez edo Herriko Etxean, bertan adostu zenez.
Urtarrilaren 14an ireki da izen emateko aukera eta hilaren 25a bitartean izanen da horretarako aukera. Zerrendak osatuak daudenean bertze bilera bat eginen da apuntatutako jendearekin ordutegia finkatzeko.
Bertzalde erran Matzada futbol zelaiak eta Eztegara frontoiak irekiera ordutegia izanen dutela. Matzada goizeko 9etatik arratseko 8:30era egonen da zabalik eta frontoia goizeko 9etatik arratseko 9:30era.
Ordutegia jartzeko arrazoia, herritar batzuek egiten duten eremu publiko hauen erabilera kaxkarra izan da. Matzadan fokoak eta bankiloak hautsi izan dira eta zikinkeria pilatzen da. Frontoian, berriz, komunak, ateak eta kristalak hautsi dituzte, estintoreak ireki eta kantxa zikindu, bertzeak bertze.