Aski ezaguna eta maitatua zen Juan Bautista Irazoki apeza gure eskualdean. Urtarrilaren 5ean zendu zen, 82 urterekin eta errege egunean eman zitzaion azken agurra Berako San Esteban elizan egindako hileta ospakizunean. Jendetza bildu zen apezari egindako lana eskertu eta omenaldi hunkigarri bat eskaintzera. Besteak beste, abesbatzetako kideek Agur jaunak abestu zuten elizaren irteeran eta Igantziko dantzariek agurra dantzatu zioten.
Sortzez beratarra, Igantzi eta Leitzan urte luzez jardun zuen erretore gisara eta 2007az geroztik Betelun ari zen erretore. Haur, gazte eta helduengana iristea lortu zuen, bertzeak bertze musikarako zuen afizioaren bidez, egondako herri guztietan abesbatzako zuzendari gisa jardun baitzuen. Herri batetik bertzera aldatuta ere, abesbatzako kideekin harreman estua edukitzen jarraitu zuen. Ezagutzen zutenek, «apeza egondako herri guztietan oso maitatua» zela diote eta nabaria izan zen hori, urtarrilaren 6ean eman zioten azken agurrean.