Parte hartze handia izan da Kultur Astean

Joxean ORTEGA 2013ko urt. 3a, 16:20

Zineak eta liburutegian, ederki pasatu dute neska-mutikoek. Joxean ORTEGA

20. urteurrena ospatzeko emanaldi berezia eskaini zuen dantza taldeak

Aste Kulturala ekitaldiz betea zegoen eta jendearen erantzuna ere bikaina izan da. 

Ekitaldi guztietara jende andana agertu zen: Lesakako bandaren kontzertura 60 lagun bildu ziren; Xagu Taldearen antzezlanean ere 55 lagun i­rriz lehertu ziren taldearen 3 partaideek antzeztutako pasadizoekin; Zinean 50 haur sekulako abenturatan murgildu ziren, liburutegian irakurtzen eta interneten ere aritu ziren; Gazta Zati Bat dokumental itxa­ropentsua bertze 60 lagunek ikusi eta amestu zuten; Iñigo Saroberekin bertze hainbertzek turroiak egiten ikasi omen zuten ( beraz, aurten kasu ikasle hauen etxetan eginen dituzten esperimentuekin!); biz­kotxo lehiaketan aur­kez­tutako 12 bizko­txoak dastaketan desagertu ziren; Guraso Elkarteak eskeini zuen txistorra eta hirugiha­rra jatean ere bertaratutakoek ederki berendu zuten, sagardo goxuaz lagunduta, noski, eta Biltokik antolatutako erakusketa herritarren erdiak baino gehiagok bisitatu zuen.

Eskertzekoa da ho­rre­lako ekitaldiak antola­tzen aritzen direnei gure partaidetzarekin erantzutea, lan haundia egiten baitute debalde eta herria bizirik mantentzeagatik.

Gero, berriz Olentzeroa heldu zitzaigun: 21an eskolan azaldu zen haurren gozamenarako. 24an, goiz partean, haurrak eskean aritu ziren herrian barna eta a­rratsaldean berriz Olen­tzero lehiaketa egin zen.

Bien tartean, 22an elizan Dantza Taldeak 20. urteurrena ospatzeko emanaldi berezia izan zen arratsaldeko 8etatik aintzinera. 

Saskiak eta loteriak ere barra-barra izan dira: eskolak, abesbatzak, dantza taldeak, Bara­tzondo elkarteak, ostatuak, dendak, denek Igantzikoak aberastu nahi dituzte! Ea norbaitek lortu duen!

Eromen hau pasatuta, bertze eromena: ospakizunak, afariak, bazkariak, parrandak, urte bukaera eta opila honen ginda modura, Erregeak, kabalgata, opari gehiago... Hainbertze ekintza, ospakizun eta bizipen gozagarrien tartean ez ditugu gurekin ez daudenak ahaztu behar, ezta gure bizimodu zoriontsu hau disfrutatu ezin dutenak. Norberak jakinen du nola lagundu egoera hauetan daudenei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun