Igande honetan, ohiturari eutsiz eta Aterpek antolatuta mendi mutilen besta eginen da. Eguerdiko 12:30ean frontoian aizkora apostu mundiala izanen da. Donato eta Patxi Larretxea anaiak batetik, eta Oihan Larretxea eta Ander Erasun bertzetik nor baino nor ariko dira. Bi bikoteen arteko aizkora apostu polita izanen da. Ikusiko da gazteek edo zahartxeagoek irabaziko duten. Hau guzia trikitilari eta bertsolarien konpainian izanen da. Ondoren, Aterpen tradiziozko bazkariarekin ospakizunak jarraituko du. Sustrai Kolina eta Aitor Zubeldia bertsolariekin bazkalondo ederra izanen da eta herriko trikitilariek girotuta, tartean, zozketa ere izanen da.
Bazkarirako izen ematea Aterpen egin daiteke edo 948 634 179-ra deituz.