Alkatetza daukan Herri Taldeak aurkeztutako udal aurrekontuaren zirriborroarekin «%80an ados» badaude ere, zenbait proposamen aurkeztu ditu Etxalar Aitzinerat taldeak. Duela hilabete talde honek aurrekontu partehartzaileak egitea proposatu zuen eta prozesua eman da, «gure aldetik gehiago espero bagenuen ere». Hala ere, balorazio positiboa egin du Etxalar Aintzinerat taldeak, «lehendabiziko aldia izanik, aurrekontu-zirriborroaren aurkezpenean hogei bat lagun bildu baikinen».
Talde honek dioenez, urtetik urtera ez da aldaketa handirik izaten aurrekontuetan, gastu finko batzuk izaten dira, eta horrez gainera, Euskara Mankomunitateari, Gizarte Mankomunitateari, Bertizko Partzuergoari, Cederna-Garalurri eta UEMAri egiten zaizkion ekarpenak izaten dira. Hau guztia Heri Taldearen aurrekontuaren zirriborroan ageri da eta ados dago Etxalar Aintzinerat. Bertzalde, krisi egoera dela medio, nabaria da aurrekontuen sarrerak murriztu direla, bertzeak bertze, Nafarroako Gobernuak egin dituen murrizketek gure aurrekontuetan isla izan baitute (langabezian dauden herritarrentzat lanpostuak sortzeko diru-laguntzak kopuruaren erdira murriztu dira, toki-ogasunen funtsa ere jeitsi da…).
Etxalar Aintzinerat taldeak proposatzen duen aldaketa nagusia igerilekuak moldatzeko egin beharreko inbertsiotan dago. Herri Taldearen aurrekontu-zirriborroan 62.000 euro erabiltzea proposatzen da, guztia 2013an inbertituz. Etxalar Aintzinerat taldeak lan horiek hiru fasetan edo urtetan egitea proposatzen du. Honela, aurten 40.000 euro inbertituko lirateke, igerileku ttikia bere osotasunean moldatuko litzateke (35.000 euro LUA-k egindako txostenaren arabera) eta bertze 5.000 euro igerileku handiaren ingurua txukuntzeko erabiliko litzateke, «udan idekitzeko gutieneko baldintzak betez, aitzineko urtetan egin den moduan».
Aurten aurreztuko liratekeen 22.000 euro horientzako erabilera ere zehaztu du Etxalar Aintzinerat taldeak bere proposamenean. Honela, 3.000 euro Etxalarko Bentan egin daitekeen Bus-geltokiarendako materiala erosteko lirateke; 6.000 euro Turismo batzordea dinamizatzeko eta bertan sortutako ideiak eta lanak bideratzeko, «gure ustez, Kultur Etxeko langilea izanen litzateke horretarako pertsona egokiena»; 6.000 euro aurreikusi dituzte turismoaren inguruko lan-taldeak eduki ditzakeen ideiak aitzinera eramateko. Adibidez, Lizarietako bidean atseden-gune bat egiteko mahai eta aulkiak jarriz, edo Ur-araztegitik Santa Krutz ermita aldera doan bidea moldatuz; 2.000 euro Udalbiltzari zuzendutako laguntza bezala eta bertze 2.000 euro Ingurumenaren eta bioaniztasunaren zaintzarako bideratuko lirateke. Atal honetarako partida beharrezkoa iruditzen zaio taldeari, Barda-Bagole eremuan egin daitezkeen ikerketei eta lanei hasiera emateko. Dagoen dirua horrela erabiliz, oraindik diru kopuru ttiki bat (3.000 euro) izanen litzateke bertze gauza ttikiren bat egiteko. Ez bada bertzerik aurreikusten, 3.000 euro horiek sarreretatik (mendiko esleipenen lerrotik) kentzen ahal dira eta horrela aurrekontua orekatuagoa utziko litzateke.