Bigarren Gaztaroa nagusi Bortzirietako taldekako 14. bertso txapelketan

TTIPI-TTAPA 2013ko urtarrilaren 3a

Giro ederrean joan da aurtengoan ere Bortzirietako taldekako txapelketa. Parte hartzaile guziek elkarrekin atera zuten argazkia, finalaren ondotik. Utzitako argazkia

Linddurrenborda sagardotegiko finalean Bardo txapeldunak taldeari nagusitu zitzaion

Bortzirietako bertso eskolak hamalaugarren urtez antolatutako taldekako bertso txapelketa jokatu da. Azkeneko urteetako egiturari eutsiz, 24 bertsolari aritu dira, zortzi hirukotetan banatuak. Linddurrenbordan abenduaren 22an jokatutako finalean Bigarren Gaztaroa taldea (Xabier Silveira, Iban Garro eta Xabi Maia) nagusitu zaio Bardo txapeldunak taldeari (Eneko eta Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxea Mak). Berako Espidobaita elkarteak ber­tso onenari emandako Kotto Saria Eneko Fernandezentzat izan zen. Finalerdietan, txapeldunek Baztandarrak taldea kanporatu zuten (Bittor eta Amaia Elizagoien aita-alabak eta Jon Barberena) eta txapeldunordeek Lasante taldea (Erika Lagoma, Josu Sanjurjo eta Mikel Telletxea).
 
Baina konpetizioa eta lehia baino gehiago, bertso festa handi bat izan zen taldekako txapelketarena. Izan ere, bertsolariekin batera, bertso-eskolatik ateratako gai-egile, gai-jartzaile, epaile, musikari eta bertsozaleak ere plazaratu ziren.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun