Errege egunean oroitzapenen kutxa zabaldu ohi da Arantzan. Garai batean egiten zen bezala, Mendi mutilen eguna ospatzen baita. Aurtengoan ere ohiturari eutsi eta besta egun polita antolatu du urtarrilaren 6an Aterpek. Garai bateko osagai berberak izanen ditu egunak, aizkolariak eta bazkaria.
Eguerdiko 12:30ean frontoian aizkora apustua jokatuko da. Donato eta Patxi Larretxea anaiak batetik eta Oihan Larretxea eta Ander Erasun bertzetik nor baino nor ariko dira. Trikitilari eta bertsolariak arituko dira giroa alaitzen. Ondoren, Aterpen bazkaria eginen dute. Sustrai Kolina eta Iker Zubeldia arituko dira bertsotan bazkalondoan eta herriko trikitilariek girotuta, tartean zozketa ere izanen da. Bazkarirako izen ematea Aterpen edo 948 634179ra deituz egin daiteke.
Festaren jatorria
Garai batean Arantzako herritar ugari aritu zen herritik kanpo mendi lanetan. Eguberrietan etxera etortzen ziren eta Errege Egunean aizkolariak eta bertso bazkaria egiten zen herrian zeudenaren seinale. Urteek aitzinera egitean baina, aunitzek mendiko lana utzi zuten eta besta ospatzeari utzi zioten. 1984an, Aterpe ireki eta hurrengo urtean berreskuratu zen besta. Zazpi bat mendi mutilek oraindik ere mendian lanean jarraitzen zuten eta elkartze besta antolatzea otu zitzaien. Aizkolarien erakustaldi eta bertso bazkari jendetsuak izan ziren eta harrera ona izan dute urtez-urte. 2001-2010 artean ez zen besta ospatu baina, duela hiru urte berreskuratu zenetik, gogotsu itxaroten dute arantzarrek egun hau.