Bortz urtetik behin sinatzen den Mugalarreen hitzarmena berritu zuten abenduaren 15ean, larunbat goizean Lizuniagako Mahain-harrian, Bera eta Sara arteko mugan. Mugalarreen hitzarmena sinatu zuten Bera, Etxalar, Azkaine, Biriatu, Urruña eta Sarako herriek. Hitzarmen honen bidez, sei herri hauetako jabego publikoko larre, belar eta ura partekatzeko eskubidea ematen zaie bertako abeltzainei. Honetaz gain, izaten ahal diren mendi suteen aurka bakoitzaren baliabideekin elkar lanean arituko dira. Urteetako hitzarmen honen bidez, alde bateko eta bertzeko artaldeek eta zaldiek larreak partekatzen dituzte, ez ordea, ahuntzak eta betizuak.
Ekitaldia Lizuniagako Mahai-harrian egin zen, Sarako txarangak, Berako txistulariek eta dantzariek ere parte hartu zuten, eta aurreskua dantzatu zen. Ondoren, hitzarmena izenpetu zuten sei udalerrietako udal ordezkariek. Bertan izan ziren Berako Marisol Taberna alkatea eta Santiago Alzuguren zinego-tzia; Etxalarko alkate Miguel Mari Irigoien; Azkaingo auzapeza, Jean Luois Laduche; Sarako Jean Baptiste Laborde auzapeza eta Pettan Errandonea eta Michel Urbistondo kontseilerrak; Urruñako Odile de Coral auzapeza eta Germaine Hacala kontseilerra; eta Biriatuko auzapeza, Charles Oyarzabal.
Ondotik, omenaldia eskaini zitzaien Saldesbereko Esteban Altzuguren eta Saldesko Valentin Endarari, Akita sinatzen azkeneko Berako artzainak izan zirenak, eta Sarako Andoitzenbordako Jean Pierre Tapia azkeneko fidatzaileari. Esker oneko solasak jaso zituzten, baita Fazeriako Laguna zioten zapelak ere. Agur Jaunak kantatuz eta Lizuniagako Bentan egin zen hamaiketakoarekin bukatu zen ekitaldia.