Bortzirietako bertso eskolak hamalaugarren urtez antolatutako taldekako bertso txapelketa jokatu da. Azkeneko urteetako egiturari eutsiz, 24 bertsolari aritu dira, zortzi hirukotetan banatuak. Linddurrenbordan abenduaren 22an jokatutako finalean Bigarren Gaztaroa taldea (Xabier Silveira, Iban Garro eta Xabi Maia) nagusitu zaio Bardo txapeldunak taldeari (Eneko eta Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxea Mak). Berako Espidobaita elkarteak bertso onenari emandako Kotto Saria Eneko Fernandezentzat izan zen.
Finalerdietan, txapeldunek Baztandarrak taldea kanporatu zuten (Bittor eta Amaia Elizagoien aita-alabak eta Jon Barberena) eta txapeldunordeek Lasante taldea (Erika Lagoma, Josu Sanjurjo eta Mikel Telletxea).
Baina konpetizioa eta lehia baino gehiago, bertso festa handi bat izan zen taldekako txapelketarena. Izan ere, bertsolariekin batera, bertso-eskolatik ateratako gai-egile, gai-jartzaile, epaile, musikari eta bertsozaleak ere plazaratu ziren.