Olentzero eta jaiotzen lehiaketa eginen da astelehenean Lesakan

TTIPI TTAPA 2012ko abenduaren 21a

Olentzero ikusgarriak plazaratuko dira aurten ere Lesakan. Artxiboko argazkia

Eskualdeko bertze hainbat herrietara ere jautsiko da Olentzero

Astelehen honetan, abenduak 24, urtero bezala Olentzero eta Jaiotzen lehiaketa ospatuko du Lesakako Plaza Zaharrean. Joan den urtean bezala, aitzinetik izena eman beharko dute taldeek eta gaur izanen da horretarako hondar eguna, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Astelehen honetan, abenduak 24, urtero bezala Olentzero eta Jaiotzen lehiaketa ospatuko du Lesakako Plaza Zaharrean. Joan den urtean bezala, aitzinetik izena eman beharko dute taldeek eta gaur izanen da horretarako hondar eguna, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Urtero bezala, Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dira: 10 urte arteko haurrak; 11 e ta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitanahiez “Olentzero buru haundia” eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. 11-15 urte arteko taldeetan gaztetxoek beraiek egindako lana baloratuko da. Lehiaketa eta ondorengo sari banaketa plazan izanen da eta 11:30erako Olentzeroak eta Jaiotzak bertan egon beharko dute. Kategoria bakoitzean banatuko diren sarietaz gain, olentzero hoberenari Esparza Saria emanen zaio, eta hobekien abesten duen Olentzero eta Jaiotzarentzat ere, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak ehuna euroko sariak emanen ditu.

Aipatzekoa da aurten, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen dela, ondotik izanen den jaialdian.

Ilunabarrean Olentzero irabazlea kalejiran ibiliko da Musika bandaren laguntzarekin.

Lesakako Udaletik Olentzero ez xehetzea aholkatu dute, honek haurrengan duen eraginagatik. Bertzalde, Olentzeroak xehetuz gero, biltzeak suposatzen duen kostua xehetu duen taldearen gain joanen da.

Lehiaketarik ez, baina eskualdeko bertze hainbat herrietan ere izanen du hitzordua Olentzerok astelehenean. Gehienetan musika doinuekin eta kantuz emanen diote ongietorria, eta neska-mutikoek beraien eskutitzak ere emanen dizkiote. Ea bada, astearte goizean gustoko oparia topatzen duten!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun