Mendez mende eta ahoz aho transmititu den herri jakintza galdu ez dadin, ahozko ondarearen bilketa lana egin dute Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskalkultur fundazioak. 2006 eta 2008 bitartean Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako 50 gizon-emakumeren testigantzak, ezagutzak eta istorioak bideoan grabatu zituen Maite Lakarrek eta jasotako hori antolatu ondotik, lanaren aurkezpena egin zuten abenduaren 19an Berako Kultur Etxean. Ekitaldian hirurogei lagun inguru bildu ziren, tartean elkarrizketatu izan ziren adinekoak eta haien senideak.
Bildutako materialak oso garrantzitsua dela azpimarratzen dute elkarteetako kideek «zalantzarik gabe, bildutako materialak izugarrizko balioa du ikuspegi anitzetatik, hala nola, literatura, historia, antropologia edo musikaren ikuspegitik». Azken hamarkadetan ahozko transmisioak «galera handiak» izan dituela diote «herri jakintza ahoz transmititzeko ohitura galtzear dago». Lan honen bitartez, «jakintza horren zati bat bildua gelditu da, eta edozeinek erraz bilatu eta kontsultatzeko moduan jarri nahi dute egileek».
Elkarrizketa guztiak biltzen zituen laburpen bideo bat ikusteko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Ekitaldia amaitzeko berriz, eskainitako laguntza eskertzeko elkarrizketatu bakoitzari bere grabazioaren kopia bat eman zieten. Kasu batzuetan, elkarrizketatuak «hilik daudenez, beraien senideei eman genizkien grabazioen kopiak». Interesa duen edonork ere eskuratzeko moduan jarriko dituzte eduki guzti hauek sarean.