Eguberrietako kontzertu ederra eskaini du Berako Musika Eskolak

Ttipi-Ttapa 2012ko abenduaren 20a

Isidoro Fagoaga Musika eskolako kideek Eguberrietako kontzertua eskaini zuten abenduaren 19an.

Kultur Etxean mota guztietako doinuak aditu ziren asteazkenean

Abenduaren 19an, asteazkenean, arratsaldeko 17:30ean hasita Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek urteroko Eguberrietako kontzertua eskaini zuten. Gabon kantuak, moldaketak, talde ezagunen abestiak... interpretatu zituzten, haur, gazte eta helduek. Ikusi argazkiak

Abenduaren 19an, asteazkenean, arratsaldeko 17:30ean hasita Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek urteroko Eguberrietako kontzertua eskaini zuten. Gabon kantuak, moldaketak, talde ezagunen abestiak... interpretatu zituzten, haur, gazte eta helduek. Ikusi argazkiak

Hasteko 4-6 urte arteko ikasleek, hastapen mailan daudenek, Akelarreren 'Gabonak' abestu zuten. Ondoren, dantzariak igo ziren oholtza gainera, biolin eta perkusioaren bidez interpretatutako aurreskua dantzatzera. Atzerriko abestiekin ere ongi moldatzen direla erakutsiz, 'Let it be' jo zuten pianoz Maialen Ruiz eta Maria Jose Vergarak. Abesbatza helduaren txanda izan zen gero, Xabier Leteren habanera abestu zuten, baina Igor Telletxeak egindako moldaketekin. 'Olentzero', 'Haurtxoa sehaskan' eta 'Feliz Navidad' gabon kantuak jo zituzten ondotik, instrumentu desberdinak erabiliz. Jarraian 'Gau ilunak ez badu' abestu zuen abesbatza taldeak, piano eta bibolinaren laguntzaz. Gaur egungo abesti arrakastatsu batek ere izan zuen tartea, Zea Maysen 'Negua joan da ta' jo zuten gitarra taldekoek. Ondoren, gabon kantuei heldu zieten berriro ere, 'Eguberri zuriak' jo zuen perkusio taldeak eta saxo eta klarinete laukoteak. Emanaldiari amaiera 'Quebec 4', 'American pie' eta 'Haur eder baten bila' abestiekin eman zieten.

Aurten ere, Berako Kultur Etxeko harmailak jendez gainezka ageri ziren eta entzuleek gustora txalotu zituzten Musika Eskolakoek eskainitako doinu ederrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun