Igantziko dantza taldeak hogei urte bete ditu aurten, eta urteurren ekitaldiak behar den bezala amaitzeko, emanaldi berezia prestatu dute. Abenduaren 22an, larunbatean, dantzariak eta Abesbatzako kideak, bertze musikari eta laguntzaileekin batera arituko dira oholtza gainean. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da emanaldia elizan, egun honetarako espreski paratuko den eszenatokian.
Bertzalde, Dantza taldeko kideek herriko produktuekin osatutako saski baten zozketa ere eginen dute. Egunotan ari dira txartelak saltzen eta irabazlearen izena emanaldia amaitutakoan jakinen da. Igantziko dantza taldean 3-4 urterekin hasi eta helduak bitarte, 70 bat lagun biltzen dira. Ttikienek astero entsaiatzen dute eta helduak, gehienbat San Migeletako dantzak prestatzeko elkartzen dira.