Preso eta iheslariak etxera goiburupean Bortzirietako Herrirak antolatutako mus txapelketa jokatu da asteburu honetan. Kanporaketak abenduaren 14an, ortziralarekin jokatu ziren Berako Errekalden eta Katakun, Lesakako Arranon eta Igantziko Biltokin, eta Arantzako Ekaitza elkartean abenduaren 15ean, larunbatean. Denera 33 bikote aritu ziren.
Finalak, berriz, Ekaitza elkartean jokatu ziren igande arratsaldean. Kanporaketetatik pasatutako zortzi bikote aritu ziren lehian. Final handian, Berako Bernard Errandoneak eta Asier Larrañagak irabazi zieten Arantzako Pottuneri eta Lesakako Zelsori. Hirugarren postua Arantzako Jaime Iturria eta Juan Angel Lukanbiorentzat izan zen.
Sariei dagokienez, txapeldunek 2 urdaiazpiko, 2 gazta eta 2 botila ardo irabazi dituzte eta txapeldun ordeek, 2 kiloko txuletak, 2 gazta eta 2 botila ardo.