2006an hasi eta 2008ra bitartean Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako 50 gizon-emakumeren testigantzak, ezagutzak eta istorioak bideoan grabatu zituzten. Bildutakoa antolatu ondotik, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskokultur fundazioak lanaren aurkezpena eginen dute abenduaren 19an, asteazkenean. Arratsaldeko 18:00etatik aitzinera Berako Beralandeta eraikinean izanen da eta herritar guztiak deituak daude aurkezpen ekitaldira. Bereziki grabazioetan agertzen diren gizon-emakumeak edota haien familiak gonbidatu nahi izan dituzte antolatzaileek.
Egindako lanaren helburua zen mendez mende eta ahoz aho transmititu den herri jakintza (ohiturak, sinismenak, istorioak, ipuinak, kantuak...) biltzea, etorkizunean memoria historiko hori guztia ikus-entzunezko formatuan gizarteari bueltatzeko. Elkarteko kideen erranetan «bildutako materialak izugarrizko balioa du ikuspegi anitzetatik, hala nola, literatura, historia, antropologia edo musikaren ikuspegitik». Azken hamarkadetan ahozko transmisioak galera handiak izan dituela uste dute «herri jakintza ahoz transmititzeko ohitura galtzear dago». Lan honen bitartez jakintza horren zati bat bildua gelditu da, eta «edozeinek erraz bilatu eta kontsultatzeko moduan» jarri nahi dute egileek.