Urtero bezela Berako Udala, Aspaceren bitartez, herriko arbolak kimatzen ari da. Baina aurten Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitateak utzitako birringailua erabiltzen ari dira eta mozten ari diren adar guztiak birrintzen ari dira. Honek hainbat onura ditu: bolumena gutxitzen du; txirbila adarrak baino agudoago desegiten da eta ez du itxura txarrik ematen hedatzen den tokian; lurra hobetzeko balio du; eta ingurumena zaintzen du, bertzeak bertze.
Horregatik, Aspaceko langile batzuk adarrak mozten ari diren bitartean, bertze batzuk horiek birrintzen ari dira. Momentu honetan Eztegarako Frontoiaren parean daude eta sortutako txirbil guztia obratako kontenedore batean sartzen ari dira. Bortzirietako Hiri-Hondakinen Mankomunitatek jakinarazi dutenez, nahi duenak txirbil hori hartzen ahal du. «Oroitarazi nahi zaituztegu ere, Mankomunitateak urteak baitaramatza konpostajearen inguruan kanpainak egiten eta konpostontziak banatzen, material mota hau hagitz ona eta beharrezkoa dela konposta ongi egiteko, beraz norbaitek behar baldin badu aipatutako tokira joaten ahal da eta behar duen kantitatea hartu», dio Mankomunitatearen oharrak.
Aspaceko langileak lanean ez badaude momentu horretan, kontenedorea itxita egonen da, baina kandadurik gabe, beraz interesdunak ireki ahal izanen du eta txirbila hartu. Dohainik da.