Finalaren atarian geratu nahi ez badute, gogor borrokatu beharko dute eskualdeko ordezkariek. Etxalarren abenduaren 16an, eguerdiko 12:00etatik aitzinera jokatuko den saioan erabakiko dira finalerako postuak. Lehenengo finalisten izenak pasa den asteburuan erabaki ziren eta bigarren finalaurrekoa izanen da Etxalarkoa.
Harrijasotze lehiaketan Xabier Ariztegi etxalartarrak eta Unai Bertiz sunbildarrak, Izeta II eta Urtzi Telleria gipuzkoarra izanen dituzte aurrez aurre. Txartela lortzen duenak Izeta III eta Izeta IV aurka lehiatuko dira finalean. Bikote bakoitzak bi minutuko lana eginen du: 125 kiloko laukiarekin, 125 kiloko kopa eta zilindroarekin, 113kiloko kubikoarekin, 100 kiloko zilindroa eta 100 kiloko bola bizkarreratu beharko dituzte.
Aizkolarietan berriz, eskualdekoen arteko lehia bizia izanen da igandean. Xabier Mindegia labaiendarrak eta Oihan Larretxea beratarrak neurtuko baitituzte indarrak. Bost modalitate desberdinetan, zazpi enbor moztu beharko dituzte. Irabazle suertatzen denak, Ibarrako Jesus Mari Mujikaren aurka jokatu beharko du finala.