Lesakako gazte asanbladak gaztetxearen beharra aldarrikatzen segitzen du eta horregatik, jada ohikoak bihurtu diren film emanaldi eta truke azokez gain, hainbat kontzertu antolatu ditu azken aldi honetan. Izan ere, azaroaren 28an feri bezpera izaki, Askatu eta Sutan taldeek alaitu zuten herria, Haizegoa eta Arrano ostatuetan kontzertuak joz. Bertzalde, abenduaren 6, besta egun arrotza izanik udaletxearekin batera auzolanean ibiltzeko deialdia zabaldu zuten, plaza eta inguruak moldatu eta txukuntzeko helburuarekin.
Biharamunean, abenduaren 7an, hainbat ekimen egin zituzten gaztetxearen alde. Atxaspi ostatutik poteatzen hasi, Arranon afari ederra egin eta bi kontzertu aditu eta musikaz gozatzeko aukera izan baitzen : lehenik ON taldeak jo zuen Arranon eta ondotik Selektah Stepi eta Kenitra (Bad Sound System) taldeak Haizegoan.
Horretaz gain aipatzekoa da ere, abenduan zehar, dokumentalen inguruko ziklo ttiki bat ere antolatu dutela: La Doctrina del Shock bezalako dokumentalak izanen dira ikusgai errate baterako.