Euria izan zen protagonista azaroaren 29ko Bortzirietako azienda feria egunean. Halere, denera 146 azienda aurkeztu ziren, horietatik 108 zaltabereak ziren, 35 behi, batzuk bere aretzearekin, 2 zezen eta ahari bakarra.
Haragitarako behien kategorian lehenbiziko eta bigarren sariak, 190 eta 160 euro, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoarentzat izan ziren eta hirugarrena, 100 euro, Iriberriko Ion Muñoarentzat.
Suitzen kategorian, 190 euroko lehen saria eta 100 euroko hirugarrena, Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairen bi bururentzat izan ziren. Bigarren saria, berriz, 160 euro, Berako Begibeltzenekobordara joan zen. Gainera, aurten lehen aldiz, Aspina elkarteak, abeltzain onenari saria eman zion eta hau ere Begibeltzenekobordakoarentzat izan da.
Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria eta 50 euroko hirugarrena Iriberriko Jon Muñoarentzat izan ziren. Bigarren saria, 95 euro, Miguel Angel Etxegarai beratarrak eskuratu zuen. Joan den urtean bezala, pottoka, montura eta poney onenak ere saritu ziren. Honela, Marisol Otxotekok 100 euro eskuratu zituen pottoka onenarengatik, Maribel Indak 80 euro bere montura behorrarengatik eta Jaime Etxegarai beratarrak 70 euro poney onena plazaratzeagatik.
Aharietan, buru bakarra aurkeztu zuen Maria Soledad Etxepare lesakarrak eta beretzat izan zen 50 euroko saria.
Baina azienda feriaz gain, Lesakako karrikek salmenta postuez gainezka egin zuten. Plazan, herri kirol saioa egin zen eta Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus bertsolariak kantari aritu ziren kioskotik, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea ixilean egiten zuten bitartean.
AJOARRIERO LEHIAKETA
Asteazkenean egin zen Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketa. 12 bikote bildu ziren, horietatik 5 Bortzirietako Gorriak peñakoak, eta bertzeak, Arransurde, Bakailu Kuisine, Irain Guraso Elkartea, Irungo Mendizaleak, Euskal Artzainak Ameriketan, Bittiria peña eta Zerbitzuen Elkartekoak.
Bortzirietako Gorriak taldeko Mertxe Etxepare eta David Galarza apezarentzat izan zen; bigarrena, Bittiria peñako Vicente Seisdedos eta Jexux Etxeparerentzat eta hirugarrena Arransurdeko Jabier Legasa eta Imanol Lopezentzat. Jose Luis Sunsundegi Beti Gazteko presidentearen eta Peio Etxabide alkatearen eskutik hartu zituzten sariak.