Bortzirietako bertso eskolak hamalaugarren urtez antolatu duen bertso lehiaketa ortziralean jarriko da abian. Urtero bezala, otordu eta ostatu giroan jokatuko den lehiaketa izanen da. Guztira 24 bertsolarik hartuko dute parte, hiruko taldeetan banatuta. Bertze behin ere, esperientzia handiko bertsolariak eta lehenbiziko aldiz jendaurrean kantatuko dutenak batera ariko dira.
Abenduaren 14an, Berako Katakun izanen da lehenengo kanporaketa. Gaueko 21:00etatik aitzinera, Beratarrak Vs Baztango irabazleak taldeak ariko dira kantuan. Asteburu indartsua berriz, abenduaren 21 eta 22an izanen da, azken kanporaketak eta finala jokatuko baitira Lesakan.
Abenduaren 21ean, ortziralean, bigarren kanporaketa jokatuko da. Lesakako Atxaspin, Bigarren Gaztaroa eta Malarreka taldeak ariko dira bertso perfektuaren bila.
Abenduaren 22a erabakiorra
Abenduaren 22a egun erabakiorra izanen da. Azken kanporaketak, finalerdiak eta final handia jokatuko baitira. Lesaka bertso giroan bete betean murgilduko dela esan liteke beraz. Eguerdiko 13:00etan Teleboten Humanistak (Terre, Maddiane eta Egoitz) eta Lasante (Erika, Josu, Tetxos) taldeak jarriko dira mikroaren aitzinean. Arranon bazkaldu ondotik (16:00etan) Bordakuk (Lopez atta-alabak eta Ioar) Vs Bardo Txapeldunak (Fdz Maritxalar anaiarrebak eta Mak) ariko dira. Zialdon 17:30ean jokatuko da lehenengo finalerdia eta Haizeguan 19:00etan bigarrena.
Finala Linddurrenbordan
Bi finalerdietatik sailkatzen direnek finala jokatuko dute, 20:30ean Lindduurrenborda sagardotegian izanen da. Finalaren ondotik afaria izanen da, batzuk ospatzeko eta besteak penak sagardotan bustitzeko aukera izanen dute. Bortzirietako bertso eskolatik jakinarazi dutenez, otorduetarako izena eman behar da bortzibertso@gmail.com helbide elektronikoan edo 618 963011 telefono zenbakian.