Urteroko ohiturarekin segiz, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Euskarazko produktuen katalogoa banatu du egunotan eta horren harira hitzaldia eta erakusketa antolatu ditu abenduaren 12an, asteazkenean. Dindaia Fundazioaren esku izanen dira biak. Bereziki gurasoentzako prestatu dira, baina interesa duen orori zabalik dago. Gurasoak hitzaldira joan ahal izateko, ludoteka zerbitzua antolatu du mankomunitateak. Beraz, haurrak begiraleekin arituko dira jostetan hitzaldiak irauten duen bitartean.
Lehen zatian, 17:00etan hasita, Aitziber Sala adituak jolasari eta jostailuei buruzko hitzaldia eskainiko du, eta zehazki galdera hauei erantzunen die: nola aukeratu haurrarentzako jolasa?, nola aukeratu jostailu egokia?; zer nahi dute haurrek?, eta zer behar dute?; zein irizpide jarraitu behar ditugu jostailuak eta jolasak erabakitzerakoan?; nolako baloreak ari gara sustatzen publizitatearen bidez?, aukera benetan librea da?, zein bertze aukera egon daitezke?
Ondotik, 18:30etik 20:00ak arte, erakusketa ikusteko aukera izanen da. Erakusketan hainbat jostailu eta joko ikusteko aukera ez ezik, horiek probatu eta adituarekin zalantzak argitzeko bidea izanen da.