Frankistek fusilatutakoei omenaldia eskaini die Berako Herriko Etxeak

TTIPI TTAPA 2012ko abenduaren 7a

Patxi Castillok Aurreskua dantzatu zuen fusilatutakoen omenez. Aitor Arotzena

Zazpi lagunen gorpuak topatu dituzte baina ehundik goiti izan daitezkeela jakinarazi dute

Frankismo garaian gertatua ikertze aldera, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek Berako hilerriko hobi komuna ireki eta indusketa lanak egin dituzte aste honetan. Bertan, 1936ko gerran eraildako zazpi gorputz aurkitu dituzte. Gehiago ere badirela diote, ehundik goiti, baina eremua ezin da gehiago aztertu, geroztik moldaketa lanak egin baitira. Aurkitutako gorputzak hilobian bertan lurperatuta uztea erabaki da, baina aitzinetik ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zen fusilatuen omenez abenduaren 6an Berako hilerrian. Bertan izan ziren bortz herrietako alkateak, baita Tolosaldekoak ere, hangoak baitziren fusilatutako gehienak. Eraildakoen senideak eta ondokoak ere hurbildu ziren Berako hilerrira. Ikusi argazkiak

Zazpi metro inguruko lursaila aztertu dute, bertan Gerra Zibilean Berako kanteretan fusilatukoak lurperatuta baitaude. Hobi komuna hilerriko hormaren alboan dago eta 1978an horman jarritako hitzen arabera, 1936-39 urteetan Beran fusilatutakoen gorpuak daude bertan. Donostiako Ondarretako kartzelatik preso ekarri eta Berako harrobian fusilatu ondotik Berako hilerrian 130 lagun lurperatu zituztela uste da.

Marisol Taberna Berako alkateak aipatu zuenez, ortzegunekoa ekitaldi xume bat izan zen ata aitzinerago omenaldi handiagoa prestatu nahi dute, bai Beran fusilatutakoen omenez, baita Gerran hildako beratarren omenez.

Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidenteak, Olga Alzegak, Aranzadik bere borondatez egiten duen lana azpimarratu nahi izan zuen eta gerran galdutako sendereen bat topatu nahian dabiltzanak elkartearekin harremanean jartzeko eskatu zuen.

Tolosaldeko alkateen ordezkari, Tolosako Ibai Iriartek hartu zuen hitza: «Batzuk egia, justizia eta erreparazioaz hitzegiten dute, baina 70 urte baino gehiago pasatu behar izan dira hemen biltzeko eta oraindik ere ez da egia, justizia eta erreparaziorik», adierazi zuen.

Jon Abril Berako zinegotziak Bide Ertzean talde tolosarraren olerki bat irakurri eta Beran lurperatutakoei buruzko dokumentaziorik topatzea hagitz zaila dela jakinarazi zuen. Halere, Berako hilerrian dauden hamabi lagunen izen-abizenak aipatu zituen: Miguel Antonio Alzaga Mitxelena (Irun), Daniel Arrillaga Tolosa (Villabona), Gabino Barroso Minguez (Villabona), Mauricio Basilique Toulouse (Donostia), Feliciano Colina Ortega (Irun), Juan Etxenike Matxiarena (Billabona, baina Berako jatorriarekin), Maximo Erostarbe Baztarrika (Villabona), Constantino Iglesias Ortiz (Tolosa), Elias Constancio Mendizabal Berakoetxea (Zizurkil), Joxe Miner Zapiain (Astigarraga), Ignacio Lorenzo Romero Ojer (Donostia), Manuel Salazar Badia (Irun) eta Joxe Leon Uzkudun Uzkudun (Asteasu).

Hauen eta inguruan izan daitezkeen ehun lagun baino gehiagoren omenez, lore eskaintza egin zen eta Aurreskua dantzatu zuen Patxi Castillok.

Aste honetan lanean aritu den Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea den Lourdes Errastik aipatu zuenez, zazpi gorpuak bi hobi ezberdinetan topatu dituzte, baina guziek eskuak bizkarrera lotuak zituzten. Orain, gorpuak identifikatzen saiatuko dira eta bakoitza bere hilkutxan paratuko dute. Horretarako DNA probak egiteko laginak jaso dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun