Haurrei denbora libre jostagarria eta gurasoei mesede egiteko asmoz, aurten ere Haur Txokoa antolatu da Arantza, Etxalar eta Igantzin abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra eta Lesakan abenduaren 26tik urtarrilaren 7ra, 3 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendua. Lana, Familia eta Bizitza pertsonala uztartzeko Itun Mankomunatuak antolatu du Haur Txokoa, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin eta Nafarroako Berdintasunaren eta Familiaren Institutuak sustatuta.
Aipatu bezala, hiru herri ttikienetan abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra eskainiko da haur Txokoa, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Arantzan eta Etxalarren eskolan izanen da eta Igantzin Ziber esparruan. Arantzan eta Igantzin abenduaren 24a izanen dute jai eguna eta Etxalarren abenduaren 31. Herri bakoitzean, guttienez 10 pertsona eta gehienez 15 behar dira Haur Txokoa eskaintzeko.
Lesakan ere lehen aldiz igerilekuko ostatuan eskainiko da Lagunak jolasean Haur Txokoa, goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.
Izen ematea abenduaren 21a baino lehen egin behar da, 948 635036 telefonora deitu edo ssblesaka@lesaka.net helbide elektronikora idatziz eta 10 euroko kuota ordainduta, hiru herri ttikienenen kasuan. Lesakan, 18 euro ordainduko da zortzi eguneko bonoa eta eguneko 5 euro ordainduta ere haur txokoa erabiltzeko modua izanen da.
Haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat da Haur Txokoa, solidaritatean era berdintasunean oinarritzen dena. Bidenabar, zerbitzu honen bitartez, gurasoei aukera bat ematen zaie seme-alaben heziketa bateratu ahal izateko euren lanarekin edota denbora librearekin.
Bortzirietako haur txokoak koedukazioan ikasteko eta elkartzeko gune bat izan nahi du, eta bertan parte hartuko dutenak bultzatu nahi ditu, balore solidarioak praktikan jartzeaz gainera, errespetuaren eta elkar laguntzaren garrantziaz gogoeta egitera.