Frankismo garaian gertatua ikertze aldera, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek Berako hilerriko hobi komuna ireki eta indusketa lanak egin dituzte asteburuan. Bertan, Gerra Zibilean eraildako zazpi gorputz aurkitu dituzte. Gehiago ere badirela diote, baina eremua ezin da gehiago aztertu. Aurkitutako gorputzak hilobian bertan lurperatuta uztea erabaki da. Datorren ostegunean, abenduaren 6an itxiko da. Aitzinetik ekitaldi bat eginen da fusilatuen omenez Berako hilerrian eguerdiko 12:00etan.
Fusilatuen senitartekoak eta Berako udaleko zinegotziak ere parte hartu dute zereginetan. Gerra Zibileko hilotzak zenbatu eta identifikatzeko helburua dute. Berako Udalak bultzatu du ikerketa. Gerra Zibilak eta Frankismoak Beran eragindako kalteak zenbatu eta biktimei omenaldia eskaini nahi baitie Berako Herriko Etxeak. Memoria historikoari zor, Udalak Aralar, Bildu eta PNVren aldeko botuekin eta UPNko zinegotziaren abstentzioarekin hartu zuen erabakia ekainaren 12ko batzarrean.
Zazpi metro inguruko lursaila aztertu dute, bertan Gerra Zibilean Berako kanteretan fusilatukoak lurperatuta daudela daki Udalak. Indusketa hauekin, Olga Alceganes Fusilatuen Elkarteko lehendakariak adierazi duenez, “hilotz kopurua zenbatu eta ahal bada, eta familiakoek hala eskatu badute, gorpuak identifikatu nahi dira». Hobi komuna hilerriko hormaren alboan dago eta 1978an horman jarritako hitzen arabera, 1936-39 urteetan Beran fusilatutakoen gorpuak daude bertan.
Datu ofizialen arabera,1936ko abuztuaren 2an izan zen bonbardaketaz gain, sei beratar fusilatu eta bertze lau desagertarazi zituzten Francoren indarrek: Francisco Arozamena Irazoki, Lucio Aldai Longarai, Faustino Martinez Urteaga, Cesareo Seminario Iraizoz, Juan Etxenike Matxiarena eta Ecequiel Gomez Rodrigo izan ziren fusilatuak eta Santiago Anadon Cambero, Ramon Balza Loperena, Enrique Berasain Sorondo eta Jose Larraburu Maritxalar desagertu zirenak. Horretaz gain, Donostiako Ondarretako kartzelatik preso ekarri eta Berako harrobian fusilatu ondotik Berako hilerrian 130 lagun lurperatu zituztela uste da.
Ekainaren 12ko batzarrean, Beran gelditzen diren ikur frankistak berehala kentzeko konpromisoa ere hartu zuen Udalak. Eta 1948ko urtarrilaren 8an Berako Udaleko Osoko Bilkurak Francisco Franco Bahamonde Espainiako diktadorea herriko seme kuttun eta adopziozko izendatu zuen erabakia baliorik gabe utzi zuen Udalak. Izendapen hori kendu eta aldi berean Francok eta bere erregimenak ordezkatzen dutena gaitzetsi zuten.