Lesakako Zerbitzuen Elkarteak ekimen desberdinak antolatu ditu herriko merkataritza sustatu eta bezeroen fideltasuna saritzeko. Azken hilabetean zehar, erosketaren bat egin dutenen artean tonbolarako txartelak banatu dituzte. Abenduaren 8an, arratsaldeko 19:00etan Plaza zaharrean eginen da sari banaketa. 40 opari inguru banatuko dituzte: telebista, argazki kamarak, urdaiazpikoak, plan B eta Lesakako Zerbitzuen Elkarteko kideen lote desberdinak, tartean 100 euroko erosketa txartelak. Saria jaso ahal izateko irabazleek bertan egon beharko dute. Zozketako unean, giroa berotzeko, pintxoak, sargadoa eta ardoa banatuko dituzte euro baten truke.
Hilaren 8koa ez da antolatu duten ekimen bakarra. Abenduaren 3 eta 6an komertzio askok ateak zabalduko dituzte eta 8 goizean ere zabalik egonen dira. Egun hauetan, eskaintza bereziak eginen dituzte. Hilaren 10ean berriz, loteriako partizipazioak banatuko dituzte.
Zuzendaritza talde berria
Lesakako Zerbitzuen Elkarteak urteko batzar orokorra egin zuen urriaren 29an eta zuzendaritza berria izendatu zuten. Rosa Lasaga, Bixkiak dendakoa da presidente berria. Berarekin batera Loli Antxordoki, Antxordoki estetika zentrukoa; Naiara Alberro, Intzuri Optikakoa; Sandra Legasa, Oreka Nutrizio dendakoa eta Deñe Abuin, Kattagorria dendakoa. Lesakan, bertze hainbat lekutan bezalaxe, krisiaren eragina nabarmena dela diote «azken bi urteetan denda batzuk itxi edo jabez aldatu dira» diote. «Elkartean egiten den lana garai zailei aurre egiteko tresna garrantzitsua dela» uste dute elkarteko kideek.