Herriko kirol instalazioen egoera aztertu zuen Indurainek

TTIPI-TTAPA 2012ko azaroaren 28a

Kirol eta Gaztediaren institutuko agintariak, Gure Txokoa eta udal agintariekin Matzadan. Foto GOIKO

Futbol zelaian, igerilekuetan, kiroldegian eta pilotalekuan zer hobetua badela ikusi zuen

Herriko kirol instalazioak bisitatu zituen azaroaren 12an Pruden Indurainek, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Ins­titutuko zuzendari nagusiak, sail horretako bertze agintariekin eta udal ordezkariekin batera.

Lehenik Matzada futbol zelaira joan ziren. Gure Txokoak belar naturalaren ordez belar artifiziala jarri nahi luke zelai horretan, «gaur egun mantentze lana garestia delako eta ez zaiolako probetxurik atera­tzen», Angel Pombar presidentearen erranetan. Izan ere, astetartez bakarrik ttikienek entrenatzen ahal dute eta asteburuetan bi partida bakarrik jokatzen ahal dira. Momentu honetan 130 futbolari ari dira Gure Txokoaren izenean, ttikienek etxeko partidak Lesakan jokatzen dituzte. Horregatik, ia 5 urte daramatzate bueltaka Gure Txokoan belar artifizialeko zelaia egiteko aurrekontuak eskatuz eta dirulagun­tzak bilatuz. Gipuzkoako Futbol Federazioa aurrekontuaren heren bat ordaintzeko prest legoke. Pombarrek aipatu digunez, «horregatik eskatzen diogu laguntza Nafarroako Gobernuari, 200.000 euro inguru emanen baligu eta Udalak Ma­tzada mantentzeko urtero gastatzen duen diruarekin, 5 urtetan dena ordainduta izanen zuten eta Matzadari kriston bizitza emanen genioke». Indurainek garbi utzi zuen hurrengo urterako zerbait lortzea zaila izanen zela, baina saiatuko zela. Gero, kiroldegia, igerilekuak eta Eztegara pilotalekuak bisitatu zituen eta ongi ikusi ahal izan zuen kirol instalazioen egoera ez dela egokiena. 

Kiroldegia fase ezberdinetan egiten joan da eta horiek aurkeztu zizkioten, eta oraindik bukatu gabe daudenak erakutsi.

Eztegara frontoiaren egoera ere kaxkarra da. Marisol Taberna alkatearen erranetan, «la­rri­aldi irteerak eta komunen egoerak dira konpondu beharrekoak, nagusiki, baina teknikoki (eraikina zaharra da, eta egungo araudira egokitzeko espazio arazoak ditugu), zein ekonomikoki arazo franko di­tu­gu horiei aurre egin ahal izateko». Horiek az­tertu zituzten, baina ez zuten erabateko eran­tzu­nik jaso. Orain arte egin­dakoaren be­rri ema­teko txostena eta egitekoak daudenak bil­tzeko eta berari bidal­tzeko eskatu zuen Kirol eta Gaztediaren Ins­titutuko zuzendariak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun