Azken urteetako ohiturari eutsiz, Igantziko Euskara Batzordeak antolatutako Abenduko kultur Egunak ospatuko dira hilaren 3tik 8ra.
Hasteko, astelehenean, abenduaren 3an, Lesakako musika bandak emanaldia eskainiko du 13:00etan plazan.
Abenduaren 6an, ortzegun arratsaldeko 16:00etan, turroiak eta erregi opilak nola egin ikasteko ikastaroa eginen da Igantziko Biltokin, Iñigo Saroberen eskutik. Ordu berean eta 16:30ean haurrentzako zine emanaldia eskainiko da eskolan.
Abenduaren 7an, ortziralarekin, eskolako ikasleen eskulan erakusketa eginen da 17:00etatik 19:00etara eskolan. Aipatzekoa da 17:00etatik 18:00etara eskolako liburutegia irekia egonen dela nahi duen guziarentzat eta 18:00etatik 19:00etara ordenagailu gela egonen da irekia. 21:00etan, Leitzako Xagu taldearen Agur, Manhattan! helduendako antzerki emanaldia ikusgai izanen da Baratzondon.
Abenduaren 8an, larunbatarekin, Kultur Egunetan ohikoa den erakusketa zabalduko da Baratzondon, 11:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 18:30era. Urtero gai ezberdina aukeratzen da eta aurtengoa, Etxeko tresna zaharren istorioak izanen da. 18:30ean plazan txistorra eta sagardoa banatuko da. 21:00etan “Gazta zati bat” dokumentala ikusgai izanen da eskolan.
Bukatzeko, abenduaren 9an, igandearekin, bizkotxo lehiaketa eginen da 17:00etan eta 19:00etan Biltokin berendua izanen da, bizkotxo dastaketarekin eta txokolate beroarekin.