Berako abesbatzak kantuan agurtuko du urtea

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 28a

Berako abesbatzak urtea amaitzeko, emanaldi ugari eskainiko ditu etxean eta baita etxetik kanpo ere.

Abenduaren 2an Donostian, 6an Zugarramurdin eta gabonetan urteroko emanaldiak eskainiko dituzte

Urteko azken hilabetean, emanaldi ugari eskainiko ditu Berako abesbatzak, bai etxean eta baita etxetik kanpo ere. Abenduaren 2an Donostiako udaletxean, abenduaren 6an, Zugarramurdiko Sorginen Museoan abestuko dute eta gabonetan, San Jose egoitzakan eta Eguberri eguneko meza nagusian abestuko dute.

Berako abesbatzarentzat urte berezia izan da aurtengoa. 25. urteurrena bete dute eta hori ospatzeko ekitaldi ugari egin dituzte urte guztian zehar. Abenduan ere, ez dira geldirik egonen. Bai etxean eta baita etxetik kanpo ere kontzertuak eskainiko baitituzte.

Abenduaren 2an, Donostiako udaletxean abestuko dute. Egun horretan Queimada kofradiaren eguna ospatzen da Gipuzkoako hiriburuan. Berako Abesbatza Ohorezko kofradea izanen da egun horretan. Kideen izendapen berriak egin aurretik eskainiko dute emanaldia Berakoek. Fatima Gonzalezen zuzendaritzapean bi abesti estreinatuko dituzte: 'Enguedellos (F.A. Rey Rivero)' eta 'El Cant dels Ocells (Pau Casals). Horiekin batera, Palkaren 'Alleluya' eta Benito Lertxundiren 'Baldorba' ezagunak ere interpretatuko dituzte.

Abenduaren 6an, Zugarramurdiko Sorginen Museoan arratsaldeko 19:00etatik aitzinera, Berako abesbatzaren emanaldiaz gozatzeko aukera izanen da. Donostian abestuko dituztenez gain bertze hauek ere interpretatuko dituzte: 'Binbili-bonbolo', 'Ilun-Abarra (Mocoroa)', 'Gaur Akelarren Gorbeian (Luis de Aramburu)', 'Chaparrita (Vivian Tabbush)', 'Maite (Behobide)', 'Iru Txito (Aita Donostia)', 'Baratze bat (Pier Paul Bertzaiz)' eta 'Mendirik Mendi (Salaberri)'.

Gabonetan, urteroko ohiturarekin segiz, San Jose egoitzan kontzertua eskainiko dute eta Eguberri egunean Berako San Esteban Parrokian, Meza Nagusian abestuko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun