Olentzerok piztu du Lesakako txondorra igande honetan

TTIPI TTAPA 2012ko azaroaren 19a

Olentzerok txondorra piztu zuen, Andoni Etxenikeren laguntzarekin. Aitor Arotzena

Besta giroan egin da ekitaldia eta eguberrietarako bertan egindako ikatza lortu nahi da

Eguraldi euritsuari aurre eginez, asteotan auzolanean egindako ikatz txondorra piztu zuen Olentzerok igande eguerdian Lesakako Landazelaian. Ikusi argazkiak

Eguraldi euritsuari aurre eginez, asteotan auzolanean egindako ikatz txondorra piztu zuen Olentzerok igande eguerdian Lesakako Landazelaian. Ikusi argazkiak

Aitzinetik, Olentzero, txistulariekin batera, Eskol-Ttikitik txondorrera joan zen kalejiran. Txondor inguruan, guardasolak hartuta, jendetza bildua zen, ekitaldia ikusteko asmoz. Musika eta txalaparta doinuak aditu ziren eta Ioar Tainta, Iban Garro eta Manolo Arozena bertsolariek ere, bina bertso kantatu zituzten.

Olentzerok ere hartu zuen hitza eta aurten ere Euskal Herriko etxeetara bere ohiko bisita eginen duela aipatu zuen.

Auzolanean aritu direnetako batzuk, txondorraren zuloa estaltzen zuen alkate izeneko zutabea kendu ondotik, txondorra piztu zuen Olentzerok, lan honetan gidari izan den Andoni Etxenike goizuetarraren laguntzarekin. Gero, luntxa banatu zen hurbildutako jendearentzat.

Arratsaldean lehenengo “betarri” lana ere egin zen eta txondorra nola mantentzen den ikusi nahi zuenak horretarako aukera izan zuen.

Hemendik aitzinera ere zaintze lanetan txandaka ariko da jendea, eta helburua, olentzero egunerako bertan egindako ikatza izatea da. Bien bitartean, txondor usaina somatzen hasia da Landazelaia inguru horretan.

Lesakako Arrano elkarteak, “Kabi bat, hamaika hegada” lelopean bere 25. Urteurrena ospatzeko egiten ari den ekitaldi ugarien artean azkenekoa da txondorrarena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun