Espainiako Freestyle txapelketa garrantzitsuena irabazi du Berako Martxel Arribillagak

TTIPI-TTAPA 2012ko azaroaren 15a

Arribillagaren salto ikusgarriak FMB World Tourrean ikusi dira lehenengoz. Utzitako argazkia

Aurten lehenengoz munduko txapelketa batean parte hartu du

Bizikleta gainean hegan. Ia ia ezinezkoak diruditen salto eta akrobaziak eginez. Duela zazpi urte hasi zen Free­style kirolean Martxel Arribillaga Indaburu, 19 urteko beratarra. Aurten hirugarren urtea egin du profesional bezala. Aurreko urteetan proba internazionaletan aritu zen eta Espainiako Txapelketa bi urtez jarraian irabazi du. Aurten lehenengoz mundu mailako txapelketa batean parte hartu du «FMB World Tour 2012an parte har­tzera gonbidatu ninduten eta baietz esan nuen». Maila aldaketa nabarmena dela dio «munduko txirrindulari hoberenen aurka lehiatzea uste baino gogorragoa izan da». Lortu dituen emaitzekin gustura dago «uste nuena baino postu hobean geratu naiz eta heldu den urtean aurtengoa hobe­tzea espero dut». 

Lehiaketa ugaritan parte hartu du aurten, eta Espainiako proba garrantzitsuena irabazi du duela aste batzuk, Madrilgo ‘Festibike’ lehiaketan erakustaldi bikaina egin ondotik. Lehiaketaren bezperako egunean ez zuen garaipenarekin amesten, zortea ez zuen bere alde «entrenamendu saioetan lurrera muturrez erori nintzen eta kolpea oso gogorra izan zen, ahoa lehertua nuen. Ez nuen uste gehiago saltatzen ahalko nuenik». Baina, aldez aurretik egindako lanak bere fruituak eman zituen «ez nengoen nire egoerarik hoberenean, baina  aurretik entrenatzen pasatako ordu guztiengatik lehiaketa irabaztea lortu nuen». Horregatik dio  «proba hau irabazi izanak garrantzia berezia du niretzat».

Denboraldi amaiera ez da erraza izan «hankeko lotailu-haustura izan nuen eta denboraldi amaierara iristea gogorra izan da». Etorkizunari begira, ez du bizikletatik jeisteko asmorik «hankari deskatsu bat emanen diot eta be­rriz forma onean nagoenean, heldu den denboraldirako prestatzen hasiko naiz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun