Berako kirol instalazioak bixitatu zituen azaroaren 12an Pruden Indurainek, Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko zuzendari nagusiak. Berekin batera, zuzendari horretako kirol zuzendariordea den Pedro Arozarena eta gaztedi saileko zuzendariordea den Angel Ansa hurbildu ziren Berara. Gure Txokoako Angel Pombar eta Luis Irazokirekin, Marisol Taberna alkatearekin eta Fernando Berasain, Ugaitz Ado, Nekane Perez eta Juan Losa zinegotziarekin ikusi zituzten kirol instalazioak.
Lehenik Matzada futbol zelaira joan ziren. Gure Txokoak belar naturalaren ordez belar artifiziala jarri nahi luke zelai horretan, «gaur egun mantentze lana garestia delako eta ez zaiolako probetxurik ateratzen», Angel Pombar presidentearen erranetan. Izan ere, astetartez bakarrik ttikienak entrenatzen ahal dute eta asteburuetan bi partida bakarrik jokatzen ahal dira. «Eskerrak Nicasio Goñik Agerra uzten digula, bertzela…», dio Pombarrek.
Momentu honetan 130 futbolari ari dire Gure Txokoaren izenean, ttikienek etxeko partidak Lesakan jokatzen dituzte eta «nesken taldea ateratzeko aukera ere izan genuen, baina entrenatzeko eta jokatzeko zaila zegoela ikusita, ez genuen ateri».
Horregatik, ia 5 urte daramazkite bueltaka Gure Txokoan belar artifizialeko zelaia egiteko aurrekontuak eskatuz eta dirulaguntzak bilatuz. Gipuzkoako Futbol Federazioak aurrekontuaren heren bat ordaintzeko prest legoke. Pombarrek aipatu digunez, «horregatik eskatzen diogu laguntza Nafarroako Gobernuari, 200.000 euro inguru emanen baligu eta Berako Udalak Matzada mantentzeko urtero gastatzen duen diru horrekin, 5 urtetan dena ordainduta izanen zuten eta Matzadari kristin bizitza emanen genion».
Pruden Indurainek garbi utzi zuen hurrengo urterako zerbait lortzea zaila izanen zela, baina saiatuko zela. Gero, kiroldegia, igerilekuak eta Eztegara pilotalekuak bixitatu zituen eta ongi ikusi ahal izan zuen Berako kirol instalazioen egoera ez dela egokiena.
Kiroldegia fase ezberdinetan egiten joan da eta horiek aurkeztu zizkioten, eta oraindik bukatu gabe daudenak erakutsi.
Eztegara frontoiaren egoera ere kaxkarra da. Marisol Taberna alkatearen erranetan, «larrialdi irteerak eta komunen egoerak dira konpondu beharrekoak, nagusiki, baina teknikoki (eraikina zaharra da, eta egungo araudira egokitzeko espazio arazoak ditugu), zein ekonomikoki arazko franko ditugu horiei aurre egin ahal izateko». Horiek aztertu zituzten, baina ez zuten erabateko erantzunik jaso. Orain arte egindakoaren berri emateko txostena eta egitekoak daudenak biltzeko eta berari bidaltzeko eskatu zuen Kirol eta Gaztediaren Institutuko zuzendariak.