Joan den urriaroaren 30ean eskolako Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleak eskolatik Sunbillara bizikletaz joan ziren. Joan den urtean hasitako ohiturari jarraituz, txirrindaren gainean (baita zeuden putzu guztien gainetik ere) abiatu ziren Igantziko eskolatik. Foru poliziak Berrizaunera doan bidea bi norabideetan moztu zuen bitartean 40 ikasle eta irakasle maldan beheiti abiatu ziren trenbideraino. Handik Sunbillara joan, bertan gosaldu, jolastu eta bazkaldu eta buelta Berrizaunera. Han, iaz bezala, gurasoak zain zirelarik furgoneta, kamioneta eta remolketan bizikletak herrira ekarri zituzten. Bitartean Haur Hezkuntzako ikasleek eskolan zirkuito bat bizikletaz egin zuten, semaforoa, isunak eta guzti: batzuk karneta atera gabe eta dagoeneko puntuak galduak... Ekintza hagitz polita izan zen eta iaz baino hobe atera omen zen. Urtero errepikatzeko asmoa dute.