Jende aunitz bildu zuen Baserritarren Egunak aurten ere

Nerea ALTZURI 2012ko azaroaren 14a

Herritar aunitzek parte hartu du aurtengoan Baserritarren Egunean euren postuak paratuz. Biharamonean, Mentxu eta Koldobike ipuin kontalariak aritu ziren. Nerea ALTZURI

Iaz bezalaxe, Tuanekobordako Marixol Almandozek gazta lehiaketako lehenengo saria eraman zuen

Azaroaren 1ean, Baserritarren egun paregabea atera zen. Herritarren eta bertakoak ez direnen aldetik, harrera izugarria izan zuen hamazazpigarren edizioak. Ekaitza elkarteak antolaturiko goiz pasa polita izan zen eta herriko plaza ingurua eta frontoia azoka bilakatu ziren. Bertakoen lana ikusgai izan zen bertze urte batez. Baserrita­rren eta herriko ekoizleen produktu, eskulan eta aziendak erakutsiz, 25 postu inguru izan ziren: barazkiak, frutak, gozokiak, zerrikiak, taloak, pintxoak, eskulanak… Herritarren parte hartze haundia izan zen  eta herrian egiten dena ikus­t­e­ko, probatzeko eta erosteko aukera izan zen. Frontoiaren sarreran, hamar bat ardi eta ahari buru ikusgai izan ziren Auzmantinkoborda eta Ximoneatik eka­rriak.
 
 Arantzako zortziga­rren gazta lehiaketa ere izan zen eta hamabi gazta aurkeztu ziren. Berrikuntza gisa, aldi honetan, hiru sari eman ziren: Lehenengo saria, Tuanekobordako Marisol Almandozen ardi gasnak eraman zuen; bigarrena, Serorinbordako Margari Madariagak, eta hirugarrena, Gaxtelenkobordako Ma­­ddi Errandoneak.
 
Bertako produktuz hornituriko bi zare ere zozketatu ziren: Enkarna eta Tania Indakoetxea izaba ilobak eraman zituzten bi zareak.
 
Aurtengo edizioa pasatuta, hurrengo urtera­ko zapore gozoarekin gelditu dira antolatzaileak. Zorionak beraz, Ekaitza elkarteari eta parte hartu duten he­rritar guziei.
Euskara Batzordeak antolaturiko kultur ekitaldiekin aintzinera segituz, azaroaren 2an, Mentxu eta Koldobike ipuin kontalariek haur eta guraso mordoxka bati lauzpabortz ipuin kontatu zizkieten baskulan. Ondoren, Herriko Etxeko gorapean txokolate beroa eta pas­telak banatu zituzten guraso elkartekoek. Hau­rrek margotzeko mahaiak ere jarri ziren eta egonaldi polita izan zen. Biharamuneko filme emanaldian jende gutti bildu zen eta arratseko bertso afarian, hogeitamar afaltiar izan ziren elkartean eta Hodei Ba­rrosok eta Sustrai Kolinak bertsotan afalondoa girotu zuten. Joan den astean, goizutarren txondorrari buruzko solasaldia eta bideo emanaldia; eta Nafarroaren konkistari buruzko hi­tzaldiak egitekoak ziren. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun