'Etxalarko Usategiak' II. gastronomia saria jokatuko da azaroaren 10ean

Ttipi-Ttapa 2012ko azaroaren 9a

Iaz bezala, Etxalarko usozaleen egoitzan prestatuko beharko dituzte sukaldariek beraien platerak.

11 jatetxek parte hartuko dute eta usorik goxoena prestatzen duenak lortuko du garaipena

Hamabietatik aitzin, usozaleen egoitzan, sukaldariak euren platerak prestatzen eta zerbitzatzen joanen dira. Ordubiak aldera jakinen da, epaileen ustez, zein den platerik goxoena.

Kaxuelak sutan, inguruko jatetxeetako sukaldariak uso platerik goxoena prestatu nahian. Larunbatean, hilak 10, jokatuko da 'Etxalarko Usategiak' II. gastronomia saria. Usozaleen egoitzan, eguerdiko 12:00etatik aitzin, hasiko dira sukaldariak euren platerak prestatzen eta zerbitzatzen.

Parte hartzen duten jatetxeak honakoak dira: Ameztia (Doneztebe), Casino (Lesaka), Lenkonea, Churrut hotelekoa (Bera), Donamariako Benta, El Trujal (Lesaka) Elutsa (Etxalar), Herriko Ostatua eta Etxalarreko Venta (Etxalar), Venta Juan Simon (Arraitz), Oitzeko Posada (Oitz) eta Olhabidea (Sara).

Epaimahaia Nafarroako Gastronomia Akademiako Lehendakariak eta beste bi kidek, Mahai Onaren kofradiako kide batek, usozale batek, Etxalar eta Sarako kultur zinegotziek eta Iñaki Idoatek, Iruñeako Alhambra jatetxeko kideak osatuko dute.

Epaileak 12:30etik aitzinera hasiko dira dastatzen eta ordubiak aldera jakinen da norena den platerik goxoena. Iazko irabazlea, Elutsa jatetxeko Pakita Altzugurenen platera izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun