Datorren ortziralean, azaroaren 9an, emanen zaio hasiera Berako kafe antzerki zikloari. Hamalaugarren edizioa da aurtengoa eta bertze behin ere, euskarazko antzerkia jendea bildu ohi den lekuetara eramanen dute, hau da, ostatu eta gaztetxera.
Zikloaren barrenean hiru emanaldi antolatu dira. Lehenbizikoa, Xuga ostatuan izanen da azaroaren 9an, 22:00etan. Asisko Urmenetak eta Peio Etxekoparrek 'Beste aldekoak' emanaldia eskainiko dute. Antzezleen autobiografiatik abiatzen da emanaldia: Lexantzüko laborarikume batek nola atzeman duen Bilbo eta Iruñeko urbanita batek Oztibarreko herri txikienean dituen komeriak taularatuko dituzte. Umorea eta duda metodikoa maisutasunez lotzen dituen obra da.
Azaroaren 16, eskainiko dute bigarren emanaldia. Kaxerna gaztetxean, 22:00etatik aitzinera 'Morrison eta Gartzia: kultuko antzezlana' ikusteko aukera izanen da. Azken emanaldia berriz, azaroaren 23an izanen da Bidexka ostatuan, 22:00etan. Ramon Agirre eta Inazio Tolosaren 'Xentimorik gabe' antzezlanak emanen dio amaiera Berako XIV. kafe antzerki zikloari.