Giro ederra izan zen azaroaren 1ean Arantzako Baserritarren Egunaren hamazazpigarren edizioan Ikusi bideoa. Ekaitza Elkarteak antolatutako egun honekin abiatu ziren Udazkeneko Kultur Egunak. Ikusi argazkiak
Ehundaka lagun bildu ziren plaza eta frontoi inguruan, Arantzako baserrietatik eta mendietatik ekarritako produktuak eta eskulanak ikustera, dastatzera eta erostera. Baserritarren eta herriko ekoizleen produktu, eskulan eta azienda erakutsiz, 30 bat postu izan ziren: barazkiak, frutak, gozokiak, zerrikiak, taloak, pintxoak, eskulanak… denetarik izan zen ikusgai Ardi aziendak ere plazaratu ziren, nahiz eta azken urteetan baino guttiago. Auzmartinekobordatik eta Ximoneatik hamar bat buru eraman zituzten plazara.
Zortzigarren Gazta lehiaketa
Hainbat produkturen artean, gazta lehiaketaren zortzigarren edizioa ere egin zen. Aurtengoan hamabi gazta aurkeztu ziren eta horietatik hiru pasatu ziren azken fasera.
Azkenean, 60 euroko lehen saria Tuanekobordako Marisol Almandozen ardi gaztak eraman zuen, iaz bezala; bigarrena, Serorenbordako Margari Madariagak, eta hirugarrena, Aientsako Gaxtelenkobordako Maddi Errandoneak. Bertako produktuz hornituriko bi zare ere zozketatu ziren: Enkarna eta Tania Indakoetxeak eraman zituzten bi zareak.
Arantzako Euskara Batzordeak antolatutako Udazkeneko Kulturaldiak segida izan zuen asteburu luzean, ortziraleko ipuin kontalariarekin eta larunbateko zine emanaldiarekin eta bertso afariarekin.
Aste honetan, azaroaren 6an, asteartearekin eta ilunarreko zazpi eta erdietan eta Zahar Txokon, Goizutako gazteek beren herriko txondorraren inguruko bideoa eta solasaldia eskeiniko dituzte.
Azkenik, azaroaren 8an, ortzegunean, Nafarroaren konkistari buruzko bi hitzaldi emanen ditu Fermin Sanchez Aburuzak: 18:00etan, haurrei zuzendutakoa izanen da eta 19:00etan, DBHtik aintzinera ikasten duten gazteentzat eta helduentzat izanen da. Solasaldiak irauten duten bitartean, haurrak zainduko dira.