Espainiako txapelketa seigarren aldiz irabazi du Itsaso Fagoaga lesakarrak

TTIPI-TTAPA 2012ko urriaren 31

Itsaso Fagoaga, Melisa Gil argentinarra eta Francisca Crovetto txiletarrarekin batera. Utzitako argazkia

Aldi berean jokatu zen Iberoamerikako txapelketan bigarren izan zen

Espainiako Skeet Olinpiko txapelketa seigarren urtez irabazi du Itsaso Fagoaga lesaka­rrak urriaren 11 eta 12an Granadan. Emakumezkoek 75 plater tiratu zituzten 25 platereko 3 serietan banatuta eta horietatik 65 hautsi zituen. Honela, Espainiako txapeldun izateaz gain, aldi berean jokatu zen Iberoamerikako txapelketan bigarren izan zen lesakarra. 
 
Txapelketa honetan Guatemala, Brasil, Argentina, Txile, Portugal, Venezuela, Bolivia, Kolonbia, Panama eta Peruko parte hartzaileak zeuden eta azken momentura arte lehia estua izan zuten. Gainera, azkeneko seriean makina bat puskatu eta pieza bat aldatu zuten eta pieza hori aldatzeak plateretako bat biziago ateratzea eragin zuen. Horrez gain, haizea atera zuen eta kanpoa zailagoa geratu zen. Halere, Itsaso Fagoagak bere mailari eutsi zion. Lehenengo postuan zen Melisa Gil argentinarrak, aldiz, bere emaitza jaitsi eta azkenean plater bakarragatik irabazi zion lesaka­rrari. Horrela, txapelketa honetako irabazle Argentinako Melisa Gil izan zen; bigarren, plater bakarrera, Itsaso Fagoaga gelditu zen eta hirugarren, Londoneko olinpiadetan zortziga­rren izan zen Francisca Crovetto txiletarra. 
 
Itsaso Fagoaga hagitz kontent dago emai­tzarekin, «batez ere azkeneko seriean kanpoa oso zaila zegoelako eta tiratzaile gehienek serie horretan maila jaitsi bazuten ere, nik nire mailari eutsi niolako». Gainera, olinpiar jokoetan zortzigarren izan zen bati irabaztea «niretzako poztasun handia izan da eta txapelketa honetako emaitzak aurrera jarraitzeko eta gogor lan egiteko motibazioa eman dit», e­rran digu lesakarrak. 
Bertzalde, Antonio Javier Fagoaga bere aitak ere Espainiako txapelketan parte hartu zuen eta zazpigarren gelditu zen, finalean sar­tzeko postu bakarrera. 
 
Aurtengo denboraldia bukatu badu ere, ez du eskopetari deskan­tsu handirik emateko asmorik Itsaso Fagoagak, ehiza sasoian burubelarri murgildu baita.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun