Bandera espainarraren aurka azaldu dira Berako Gaztetxeko kideak

Gazte Oihua 2012ko urriaren 30a

Berako Kaxerna Gaztetxeko kideak bandera espainiarraren aurkako jarrera azaldu dute. Gaztetxetik bidalitako oharrak dioenez, «Udaletxeak ahal duena egin du Herriko etxean bandera espainiarra ez jartzearen alde. Azkenik, alkatetzaren inabilitazioa izango litzateke piper potoa ez jartzearen ordaina. Beraz, Berako Udala bere eraikin munizipalean he­rriaren gehiengoarentzat arrotza den bandera hau jartzera behartuta dago. Horretaz gain, eta mehatxu berarekin, Ikurriña jartzearen debekua ere ezarri digute».
 
Honen erantzunez Berako Udalak herri ba­tzarra deitu zuen urriaren 8an, eta herriko leku ikusgarri batean Ikurriña eder bat jartzea eta honen harira ekitaldi herrikoia antolatzea proposatu zuen. Urriaren 12rako pentsatua zegoen a­rren, baimen kontuekin arazoak izan direla eta azkenean urriaren 20an egin zen ekimen hau. Kalejira herrikoia abiatu zen Berako Herriko Etxeko Plazatik Altzateko Plazara eta han ekimen xume bat egin zen.
 
Kaxerna Gaztetxeak ekimen honetan parte hartzeko gonbidapena egin zuen, «guk ere geure Ikurriña aldarrikatzen baitugu, eta espainiar bandera arrotza baztertu». Honekin batera, eta Udalak egiten duen deialdiarekin bat eginez, aldarrikapen honekin ados izanez gero, balkoietan ikurrina zintzilikatzera gonbidatu du Gaztetxeak.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun