Azoka, solasaldiak, filme emanaldiak eta bertsoak izanen dira Udazkeneko Kulturaldian

Nerea ALTZURI 2012ko urriaren 30a

Euskara Batzordeak azaroaren 1etik 8ra ekitaldi partehartzaileak antolatu ditu

Aitzineko alean adierazten genuen moduan, urtero bezala, gainean ditugu udazkeneko kultur ekitaldiak. Herritar talde bat euskara ba­tzordeak biltzen da eta hainbat ekitaldien artean, udazkeneko kulturaldia prestatzen ibili dira azken asteetan.

Ekaitza elkartearen eskutik, azaroaren 1ean, ortzegunean, Baserritarren eguna izanen da. Herriko plazan eta frontoian, herriko hainbat baserritar eta ekoizleek etxean eginiko produktu, azienda zein eskulan erakusgai edo salgai jarriko dituzte. Goiz polita pasatzeko modua izanen da oraingoan ere, hamazazpigarren urtez antolatu den tokiko azoka honetan. Zortziga­rren gazta lehiaketa ere eginen da aurtengoan eta herrian egiten diren gazta onenak dastatzeko aukera izanen da.

Azaroaren 3an, larunbata, bi ekintza izanen dira. Batetik, arra­tsaldeko 06:00etan eta Baskulan, Urte berri on, Amona filme emanaldia izanen da. Arratsean berriz, Hodei Barroso eta Sustrai Colina be­r­tsolariekin afaria izanen da Ekaitza elkartean. 

Hurrengo asteburuaren atarian, azaroaren 6an, asteartea, 19:30­ean Zahar Txokon, Goizuetako gazteek beren herriko txondorraren inguruko bideoa eta solasaldia eskainiko dituzte.

Azkenik, azaroaren 8an, ortzegunean, Nafarroaren konkistari buruzko bi hitzaldi emanen ditu Fermin Sanchez Aburuzak: 18:00­etan haurrei zuzenduta­koa izanen da eta  19:00­etan, DBHtik ai­tzinera ikasten duten gazteentzat eta helduentzat izanen da. Solasaldiak irauten duten bitartean, haurrak zainduko dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun