Usategietako igandea

Irune eta Itsaso 2012ko urriaren 30a

Argazkia: Irune ELIZAGOIEN Eguraldi txarrarekin lanik ez zegoenez, usazaleak etxolan lasai ederrean. Irune ELIZAGOIEN

Usategietako igandearen bezperatik somatzen zen besta giroa herrian. Alde batetik, 25 lagun inguru bidu ziren frontoian egin zen asto jatera. Bertze aldetik Emakume afaria ere izan zen Herriko Ostatuan. 
 
Urriaren 21ean ospatu zen Usategietako igandea Etxalarren. Eguraldiak ez zuen batere lagundu, goizetik euria baitzen, eta hori dela eta Usategietan hagitz jende guti ibili zen. Hala ere, ilunabarrerako jendea hurbiltzen joan zen plaza aldera. Urtero bezala, boletoen zozketa egin zen. Hauek izan ziren saridunak: lehenengo saria Iñaki Zubietarentzat izan zen, 12 uso bizirik. Bigarren saria ere berarentzat izan zen; 2 lagunentzako afaria. Hirugarren saria berriz, Goreti Ibarrak eraman zuen; kanpin denda bat.
 
Usategietako igandea arte, uso eta txolomak guztira, 18 dozena pasata dituzte. Aurtengo sasoia mottel hasi da, eta nahiz eta lehengo urtean egun honetarako gehiago arrapatua izan, oraindik aunitz falta da azaroaren 20a arte eta esperantzarekin daude.
 
Bisita gidatuei dagokionez, 90 bisita egin dira orain arte, eta espero da kopuruak gora segitzea sasoian aitzinera joan ahala.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun